Skip to main content

Euskaraldia

Irudia
EUSKARALDIA

EUSKARALDIA ATE JOKA

Maiatzaren 15etik 25era ahobizi  edota belarriprest  izango gara. 

HAMAIKAKOA

Guk ere Euskaraldiarekin bat egin dugu eta egunotan gure hamaikakoa aurkeztu dugu:

E < Lehendabizikoa: Laudio Txikiko Gari eta Fatma.

"Euskara gora, bularretik ahora"

U < Bigarrena:  HHko Telmo eta Izaro.

"Gau eta egun euskara lagun"

S < Hirugarrena: LHko Laida, Xare eta Eneko.

"Euskaraz mintzatu, bizitza gozatu"

K < Laugarrena: DBHko Iraide eta Andde.

"Zurea, nirea euskararen bidea"

A < Bostgarrena: Batxilergoko Ane eta Laia.

"Bat eta bi, euskaraz bizi"

R < Seigarrena: Zuzendaritzako Arantza eta Jon.

"Denok batera euskara aurrera"

A < Zazpigarrena:  Artezkaritzako Aiara eta Nagore.

"Ez izan beldur, izan hiztun"

L < Zortzigarrena:  Euskara batzordeko Izaskun.

"Txantxangorriak hegan eta gu euskaraz primeran"

D < Bederatzigarrena: Mantenuko Josu eta Zigor.

"Hemen, hor eta han euskalduna izan"

I < Hamargarrena: Ziortza eta Igor irakasleak.

"Txantxangorriaren kantua, euskararen doinua"

A < Hamaikagarrena: Jangelako sukaldari eta hezitzaileak; Julen, Janire, Zuriñe, Ana, Mikel eta Eneritz.

"Euskaraz dantzan, denok saltsan"

 

11 EGUNETIK URTE OSORA

Hamaika eguneko ekimena da Euskaraldia, eta bertan "ahobizi"edo "belarriprest" izateko aukera zabaltzen du. Ikastolako kideok ‘ahobizi’ izango gara, eta komunitateko kide guztioi "ahobizi" edota "belarriprest" izateko gonbitea luzatzen dizuegu.

Hamaika egun dira, bai, baina Ikastolaren xedea urteko 365 egunetara hedatzea da. Eta badakigu ez gaudela bakarrik. Euskaraldiaren bitartez, euskararen erabilera etxean nahiz kalean, lanean zein aisialdian, areagotu nahi da; frogatu nahi da uste baino aukera gehiago ditugula euskaraz aritzeko, eta uste baino jende gehiagok dakiela edo ulertzen duela euskara. Eta erabilera areagotzea denon esku dagoela.

 

LEHEN HITZA EUSKARAZ

Gaur, euskaraldiko lehen eguna dela baliatuta, Goiatz Urkijo Castañaresi, Euskaraldiaren koordinatzaileari eta gure Ikastolako ikasle ohiari elkarrizketa egin diogu.

 

Zer da Euskaraldia?

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak aldatzeko mugimendu soziala da, Euskal Herri osoan eragiteko sortua. Mugimenduak herritarren hizkuntza-praktikak aktibatu eta euskararen erabilera handitu nahi du, eguneroko harremanetan euskara lehenetsiz eta 11 eguneko praktika sozial masibo bateratu baten bidez.

Euskaraldiaren helburuak zabaltzeko unea iritsi da: ez da soilik ariketa egun horietara mugatzen den dinamika, euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatu eta gizartean errotu nahi duen ekimena baizik.

Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia hizkuntza-ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea da, eta, horrez gain, entitateek ere euskaraz bizitzeko aukerak eta neurriak hartzea sustatu nahi da. Euskaraldiak, modu kolektibo eta sozial batean, tokian tokiko euskalgintza aktibatzea eta elkarlanean aritzea ahalbidetzen du, euskaraz bizitzea posible egingo duten neurriak eta espazioak sortuz.

 
Zein da Euskaraldiaren helburua?

Euskal Herriko kaleetan euskara gehiago entzutea da Euskaraldiaren helburua, hau da, euskararen erabilera handitzea. 

Izan ere, azken hamarkadetan, ahalegin handia egin da euskararen erabilera handitzen, ahalik eta jende gehienak ulertu dezan euskara. Ezagutza hori hedatzea lortu dugu, baina ez da nahikoa: hiztunak aktibatu eta euskara erabiltzea da, hizkuntzaren normalizaziorako behar nagusiena. Hots, ezagutzen dugun hori, erabiltzea. 

Euskararen ezagutza goranzko bidean badago ere, erabileran goia jo dugun sentsazioa dugu. Egoera horri erantzuten saiatzeko jaio zen Euskaraldia.

 
Zer esango zenioke Ikastola osatzen duen hezkuntza komunitateari?

Zalantzarik gabe, Euskaraldian parte hartzeko, bakoitzak nahi eta ahal duen neurrian. Euskaraldia ate joka dugu, eta hamaika egunez, aukera paregabea dugu gure hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko, euskaraz izan daitezkeen horiek identifikatzeko eta euskaraz izan daitezkeela probatzeko.

Badakigu, ohiturak aldatzea ez da erreza, ezta hizkuntza ohiturak ere, baina elkarrekin egiten badugu, errezagoa izango da. Maiatzaren 15etik 25era Euskal Herri osoko milaka eta milaka euskaltzalek belarriprest edo ahobizi txapa paparrean jantzi, eta gure aho eta belarriak euskaraz beteko ditugu; lotsak, zalantzak, kezkak eta estres linguistikoa alde batera utzita. 

 

 

"Horretara ere animatu nahiko nituzke, ausartzera, hanka sartzera, baina ahal den neurrian, euskaraz gehiago egitera, eta batez ere, euskaraz gozatzera."

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA 

 

Irudia
EUSKARALDIA GOIATZ

 

 

 

Euskararen erabileran eragiteko dugun tresna-bide-modu masibo eta eraginkorrena da Euskaraldia, munduan ez da halako ekimenik inon eta inoiz antolatu. Lehen hitza beti euskaraz eginda sorpresa politak hartuko ditugu, uste ez genuenak euskaraz erantzungo digulako, esaterako. Eta euskara ulertu baina hitz egiten ez den horrekin euskaraz jarraitzen badugu ere euskaraz aritzeko aukerak biderkatuko zaizkigu. 

Hamaika egun hauetan gutako bakoitzak urrats txiki edo handi bat ematen badu, milaka lagunen urrats horiekin olatu handi bat sortuko dugu. Beraz, egin dezagun posible Euskaraldia, elkar mugituz egingo dugu!

 
Nola erakarriko zenituzke erdaldun hiztunak euskarara?

Aurretik aipatu bezala, Euskaraldia euskara gehiago, jende gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko ariketa bat da; beraz, ulermen minimo bat behar da, bi pertsonen arteko komunikazioa posible izan dadin.

Aurrerago ere edizio gehiago izango dira, beraz, ulertzen ez dutenak euskara pixka bat ikastera gonbidatu nahiko nituzke, hurrengo Euskaraldian parte hartu ahal izateko! Eta ulertzen dutenei, solaskideei beraiekin euskaraz aritu daitezkeela adieraztera animatuko nituzke.

Izan ere, euskara geroz eta jende gehiagok ulertu, orduan eta jende gehiagorekin gure hizkuntzan aritzeko aukera izango dugu euskal hiztunok. Eta hori da Euskaraldiak sortu nahi duena, euskaraz lasai aritzeko gune eta une erosoak. Eta ikusi dugunez, gutako bakoitzak egin dezake ekarpena horretan, bakoitzak bere neurrian. 

 

 

 

Izenburua loturarik gabe

Edukiaren laburpen txiki bat loturarik gabe

Gehiago irakurri

 

 

Izenburua loturarik gabe

Edukiaren laburpen txiki bat loturarik gabe

Gehiago irakurri

 

 

Izenburua loturarik gabe

Edukiaren laburpen txiki bat loturarik gabe

Gehiago irakurri

 

 

Izenburua loturarik gabe

Edukiaren laburpen txiki bat loturarik gabe

Gehiago irakurri

 

 

Azken albisteak

Egitaraua prest.
Naizen, I. Nazioarteko Biltzarra.
Haur Hezkuntza.
Udaberrilekuak Gorbeiako Parke Naturalean.