LAUDIO IKASTOLAN IKASLE EUSKALDUN ELEANIZTUNAK SORTU NAHI DITUGU
Ikasleei eskaintzen diegun hezkuntzaren bitartez euskaldun eleaniztunak sortu nahi ditugu. Zentzu horretan Laudio Ikastolan euskara da lehen hizkuntza, bai irakaskuntzarako bai komunikaziorako ere. Horrek honako hau dakar:
EUSKARAN MURGILTZE EREDUA
Ikasleak ikastolan matrikulatzen direnean, euskara murgiltze ereduan eskolaratzen dira, euren jatorrizko hizkuntza zernahi delarik ere. Beraz, beste hizkuntzen irakaskuntza alde batera utzita, jakintzagai guztiak euskaraz ematen dira eta, era berean, jakintzagai guztietako irakasleak, bakoitza bere neurrian, hizkuntza irakasleak dira.
GAZTELANIA ETA HIZKUNTZA ATZERRITARRAK
Ingelesaren irakaskuntza 4 urterekin abiatzen da, Ikastolen Elkarteko eleanitz-english proiektuaren bitartez. DBHko bigarren zikloan ingelesaren bitartez Gizarte Zientzien edukiak lantzen dira.
Gaztelaniaren irakaskuntza formala, arlo espezifiko baten bitartez, Lehen Hezkuntzatik aurrera abiatzen da.
Frantsesa DBH 2. mailatik aurrera eta Batxilergoan eskaintzen da aukerako jakintzagai moduan.
IKUSPEGI METODOLOGIKOA
Hizkuntza guztien irakaskuntza metodologia komunikatiboen bitartez gauzatzen dira, Ikastolen Elkarteak garatutako ikasmaterialen bitartez, nagusiki.
Euskararen irakaskuntzaren bidez hizkuntzaren ezagutzan ez ezik, berarekiko motibazioan eta erabilpenean eragin nahi da. Azken batean, euskaraz mintzatzeko gai diren pertsonak ez ezik, euskaraz mintzatu eta euren burua euskalduntzat hartzen duten pertsonak sortu nahi ditugu.
Gure ikasleek lehen hezkuntza eta derrigorrezko eskolaldia amaituta Europako erreferentzia markoari dagozkion ondorengo mailetan zehazten diren gaitasunak eskuratzea da gure Ikastolaren helburua:
Lehen Hezkuntza amaieran |
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran |
||
Euskaraz |
B1 |
Euskaraz |
B2 |
Gaztelaniaz |
B1 |
Gaztelaniaz |
B2 |
Ingelesaz |
A2 |
Ingelesaz |
B1 |
Frantsesez |
-- |
Frantsesez |
A2 |
Hizkuntzen irakaskuntzari ezarritako helburuen lorpena egiaztatzeko eta hobetzen lagunduko diguten ondorioak ateratzeko, aldiro-aldiro neurketak erabiliko ditugu: kanpo frogak (Ikastolen Elkartearenak zein bestelakoak), erabilpenaren neurketak eta abar. Hortik ateratako datuak zein alderaketak oso baliotsuak zaizkigu aprendizai prozesuan behar diren egokitzapenak egin ahal izateko.
Gure Ikastolaren hezkuntza eskaintzan Batxilergoa ere badugu. Etapa hau amaitzen duten ikasleek honako hizkuntza helburuak lortzea espero dugu:
Batxilergoaren amaieran |
|
Euskaraz |
C1 |
Gaztelaniaz |
C1 |
Ingelesaz |
B2 |
Frantsesez (aukeratuz gero) |
B1
|