LEHEN HEZKUNTZA 6-12 URTEKO TARTEA HARTZEN DUEN ETAPA DA. 3 ZIKLOTAN BANATZEN DA, BAKOITZAK 2 MAILA DITUELARIK.
Lehen Hezkuntzaren oinarrizko xedea haurraren garapen pertsonala bultzatzea da gizarte-taldean integra dadin, bertan era autonomo eta sortzailean jardunez. Etapa honetan ikasleak bere gorputza ezagutu eta baloratuko du, osasun ohiturak bereganatuz eta ekimen eta ekintza propioak eta harreman afektiboak ere garatzeko gai izanik.
ETAPAREN BEREZITASUNEN ARTEAN, IKASLEAK JARDUERETAN IKUSPUNTU EZBERDINAK ERRESPETATUZ PARTE HARTZEN DUELA ETA DAGOZKION ERANTZUKIZUNAK BEREGANATZEN DITUELA NABARMEN DITZAKEGU.
Bai eta, elkartasunezko harremanak lehenetsiz, sineste, arraza, genero edo bestelako bereizketak ere baztertzen ikasiko duela.
Komunikazioari dagokionez, ikaslea ahozko eta idatzizko mezuak ulertzeko eta sortzeko gauza izango da, euskaraz nahiz gazteleraz, eta, maila xumeagoan, baita ingelesean ere, era honetan euskaldun eleaniztunak sortuz.
Lehen Hezkuntzan zehar Ikastolen Elkarteak Euskal Herri osoaren ikusmirarekin sortutako KIMU metodologia garatzen dugu. Abiapuntu akademiko batetik haratago, Kimuk ikaslea bere osotasunean hartzen du eta irizpide metodologikoen artean jakintza gaien antolaketa globalizatua proposatzen duela eta aprendizaia ikuspegi eraikitzailetik abiatzen duela azpimarratu behar dugu.
Horrez gain, Ikastolen Elkarteak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan sortu duen EKI proiektu berritzailearen Lehen Hezkuntzarako garapena ere jarri berri dugu abian etaparen 2. zikloan.
Oinarrizko konpetentzien garapenaren bidez ikasleak bizitzako egoera eta eremu guztietan eraginkortasunez jarduteko prestatzea da EKI proiektuaren helburua.
Honek konpetentzietan oinarritutako kontzepzio didaktikoaren aldeko hautua egitea suposatzen du eta ikaslearen irteera-profilean ardatz duen curriculuma du “ipar eta gailur”.
Gure ekintzen artean baditugu euskararen erabilpena bultzatzea, harremanak sendotzea… eta euskal kultura bizitzea helburu duten irteera eta barnetegiak ere.
Lehen Hezkuntzan zehar beste hainbat proiektu berritzaile bultzatzen ditugu, ikasleak bere egunerokoan bidelagun izango dituenak. Kontzientzia Fonologikoaren bidez, ikaslea irakurketa-idazketa prozesuan laguntzen dugu. Lehen Hezkuntzako 4. mailan, Warming English (ingelesa berotzen) programa garatzen dugu jatorrizko ingeles hiztunak diren irakasleekin.
Etapa osoan zehar Finlandiako Turtuko Unibertsitateak sortu eta garatutako eskola-jazarpenaren aurkako KiVa programa aplikatzen dugu. Horrez gain ikasle aniztasunari edo geletako kopuruei aurre egiten laguntzeko indartze neurriak garatzen ditugu laguntza orduekin, 2 irakasle gelan edukiz edo arlo batzuetan 2 geletatik 3 ikastalde sortuz.
Ingelesa, Gorputz Hezkuntza eta Musika (3. mailatik) jakintzagaiak irakasle espezialistek ematen dituzte eta 5. eta 6. mailatan bertsolaritza lantzeko programa espezifikoa, bertsolari batek gidatuta, dugu. Horretaz gain, 6.mailan astero antzerkigintza txertatu dugu gure curriculumean. Bestetik eskola esparruan Laudioko Udalaren arlo ezberdinek garatzen dituzten sexu heziketarako edo biolentziaren prebentzioa interneten lantzeko, Kontsumideko tailerrak, Bakeola ekimenak... lantzen ditugu.