Skip to main content

Ikasgelatik unibertsoari begira

Irudia
Astronomia tailerra

Unibertsoa lantzen ari direla probestuta, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek ikastolako gurasoa den Urtzi Odriozola Lizaso gonbidatu dute gelara, astronomiari buruz duen zaletasuna beraiekin partekatu dezan. "Unibertsoari buruzko hainbat bitxikeri kontatu zizkigun. Bere teleskopioarekin ateratako argazkiak ikusteko aukera izan genuen ere. Harrigarria etxeko balkoitik ikus daitekeen guztia!" adierazi dute ikasleek.

Egun berdinean Haur Hezkuntzako 5 urtekoengana ere hurbildu zen Urtzi, "Teleskopioa, planetak, izarrak… gauza asko ikasi ditugu eta oso gustura egon gara. Mila mila esker!".

    3   GALDERATAN*        

*ezagutu ikastolakideak  gustuko duten horretan
 

Nondik datorkizu Unibertsoari buruzko jakinmina?

Egia esan ez dakit ba... txikitatik izan dut espazioarekiko miresmena. Nahiko saltseroa naiz eta saltsa askotan nago sartuta, berezkoa dudala uste dut orokorrean zientzia eta teknologiekiko jakinmina eta betidanik nahi izan nuen teleskopio bat edukitzea. 2020ko pandemian etxean pasatako orduek erabaki hori behin betiko hartzera bultzatu ninduten eta ordutik asko sakondu dut gaian. Beste untxizulo edo hobe esan, zulo beltz batean sartu naizela esan ohi dut!

Laudio inguruan zeintzuk aukera ditugu zerua behatzeko?

Euskal Herri osoan ez dauzkagu zeru oso onak exijentzia handiko behaketak egiteko. Aranzadik antolatu ohi dituen irteeretan Irunberri ingurura joaten dira iluntasun bila eta esango nuke lekurik onenak Pirinioetan ditugula. Ziurrenik, Izaba edo Itzaltzutik iparralderako tarte horretan. Espainiara, Burgos aldera joan behar da bestela. Hau esanda, ez dut inor desanimatu nahi. Esne bidea ikusteko pixka bat Gorbeialdera jotzea nahikoa da, Orozko inguruan, herriguneetatik aparte adibidez. Nik etxeko balkoitik egiten ditut argazkiak denbora faltagatik, eta horretara egokitu behar izan dut... Bakoitzak ahal duena eginda ere, gauza berriak segituan has zintezke deskubritzen.

Zer iruditu zaizkizu ikasleekin izan dituzun topaketak? Aipatzekorik?

Oso esperientzia polita izan da eta egia esan uste nuen aurkezpenen "txaparekin" aspertuko nituela. Baina harrituta geratu naiz jaso dudan erantzunarekin, bai nagusienekin eta baita txikienekin ere. LH5. mailakoek jakinmin izugarria dute eta prestatuta neukan 30 minutuko ustezko txapa hori, galdera eta galdera artean ordu betera luzatu behar izan nuen. Haurrak ordubetez erne izatea meritu itzela iruditzen zait! Eta HH3koek berriz, dagoeneko zerua uste baino presenteago dutela erakutsi didate. Haur txikienek zeruari ematen dioten dimentsioa eta irudimenean dituzten kontzeptuak mundialak iruditzen zaizkit. Oso gustura ibili ginen eguzki sistema osatzeko jolasean eta balkoitik atera nuen izarrez betetako hidrogenozko nebulosa baten argazkia erakutsi nienean eta "hor dago nire aitona!" oihukatu zutenean, erabat hunkitu nintzen.


Hurrengoan ikastolan benetako zuzeneko behaketa bat egin beharko dugu ezta? Orain neguan azkar iluntzen du eta aprobetxatu beharko !

 

 

Azken albisteak

Pasa den ikasturtean landutako gaiari jarraipena emango dio, Garapen Jasangarrirako 12. helburua: Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak.
Bucraa taldeak saharar kanpamentuetara joateko laguntza eskatu du.
Bizikidetza erdigunean.