Skip to main content

Gau beltza

Irudia
GAU BELTZA

Urriaren 31n beldurrak uxatzeko prest?

Urriak 31 betidanik izan da gau berezia. Europa osoan gau hau modu berezian bizitzeko hainbat istorio eta usadio daude eta Euskal Herrian ere hala ospatu izan da “Gau beltza”.

Aurten ere, laugarren aldiz, GAU BELTZA antolatzeko hainbat gara elkartu garen eragileak; Aiaraldea Ekintzen faktoria-Kokoriko, Basalarrina, Kirikino aisialdi taldea, Lamuza eskolako guraso elkartea, Latiorro ikastetxeko guraso elkartea, Laudio Ikastola eta Sorginlarren.

 Jaiek egunerokotasunarekin apurtu eta ohiturak berreskuratzeko zein egunerokotasunera moldatzeko aukera ematen digute. Sarean, euskara ardatz, antolatuta, gainera, komunitatea indartzeko eta jendartean gehiago eragiteko aukera ere ematen dute. 

 Gau beltzarekin erritu ezberdinak ezagutu izan dira. Neguari ongi etorria emateko baliatzen da. Neguak urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… barrura begirako ariketan jartzen gaitu. Bestalde, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkarri beldurtuz jolasean aritzeko parada ematen digu.

 Gurean ere badira pasarteak,  kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak; bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jarriak.

 Erritual ugari mantendu dituen herria da gurea. Baina beste asko urteetan zehar galtzen joan dira, egiten zirenaren ezagutza ere ia galtzeraino. Horietako batzuk berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean, hainbat gara elkartu garen elkarte zein ikastetxeetako guraso elkarteak, hain zuzen ere GAU BELTZA jai herrikoi bihurtzeko asmoz. Antzinakoa kontuan hartuta, guretik nahi dugu Gau Beltza ospatu, gaur egungo ikuspegitik ematen dizkigun aukerak eta erakargarritasuna baliatuta.

Gaua, beldurra, kantu eskean gozokiak eskatzea, gauez lagunekin ateratzea, etxeko trapu zaharrekin mozorrotzea,nork bere burua estalita beldurra hedatzea… Haur zein gazteenentzat erakargarriak diren elementu ezberdinak elkartzen ditu ospakizun honek. 

 Horretarako hainbat dira antolatu ditugun ekintzak.

 

EGITARAUA

 

Irudia
GAU BELTZA

Etorri etxeko trapu zaharrekin mozorratuta! Horrek saria izango du!

18:00etan TAILERRAK Lamuza Parkean (eguraldi txarra egitekotan, Aldai Plazan)

Beldurrezko makilajea, kondairak, eskulanak eta beldurrezko ginkana monitoretza egiten ari diren ikasleek antolatuta.

19:30ean BELDURREZKO KALEJIRA Lamuza Parketik Herriko Plazara (eguraldi txarra egitekotan, Aldai Plazara)

...ondoren, suaren inguruan Ikastolako dantza modernoa taldearen eskutik DANTZALDIA. Jarraian TXOKOLATADA.

Bukatzeko, abenduan Saharara elkartasun bidaia egingo duen BUCRAA taldeak antolatuta, AFARI MUSIKATUA egongo da; bokata salmenta eta Ximenaren kontzertua.

 

Irudia
GAU BELTZA SAHARA.jpg

 

 

Parte hartu!

 

ESKAERA

Gau beltzeko jarduerak burutu ahal izateko, etxean dituzuen arrautza-ontziak, komuneko paper tutuak edota oihal zuri zaharrak (maindireak, gortinak...) ekartzea eskertuko genuke. Hauek idazkaritza aurrean utzi ahal izango dira, bertan horretarako prestatutako kutxetan.

 

IKASTOLAN ERE BADUGU ZER  OSPATU

Ikastolako ikasleak ere Gau Beltza prestatzen ari dira, urriaren 31n ospa dezagun. Egun horretan, arratsaldean behintzat, etxeko trapu zaharrak jantzita mozorrotuta etortzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu.

 

Etxeko trapu zaharrak jantzi

aurpegia estali eta euskaraz bizi!

Azken albisteak

Lan eskaintza
Ikastolan bat egin dugu urriaren 25a bitartean deitu dituzten ekimenekin.
Euskararen aldeko erronka lortuta.