Skip to main content

Maialen Abezia Filosofia Olinpiadatako finalista

Irudia
Maialen Abezia, filosofia olinpiadatan

Aurtengo Euskadiko Filosofia Olinpiadan Maialen Abezia Martin ikasleak aurkeztutako bideoa finalista gelditu da.

Aurtengo gaia “Eromena” zen eta horren inguruan hainbat modalitatetan lehiatu ahal zuten ikasleek adin eta gustuaren arabera: Disertazioa, Bideoa, Argazkia, Marrazkia, Dilema…

Maialenek bideo modalitatea aukeratu du, bideo eder honekin. Sari-banaketa ekitaldia martxoaren 13an izan zen Eusko Jaurlaritzaren egoitzan Gasteizen. 
 

Irudia

BIDEOA IKUSI HEMEN

 

BIDEOAREN DEFENTSA

Bideo lanarekin batera, Maialenek berton azaldutakoen defentsa ere prestatu zuen:

Nire bideoaren izenburua “Biraltasuna, egia-ostea eta paranoia kolektiboa” da, eta lan honen helburua eromenaren ideia gaur egungo testuinguru digitalean aztertzea izan da.

Normalean, eromena banakako zerbait dela pentsatzen dugu: pertsona batek errealitatea modu desitxuratuan ikusten duenean. Baina nire bideoan galdera bat planteatu nahi izan dut: eta gaur egun eromena kolektiboa bihurtzen ari baldin bada?

Gaur egun informazioz inguratuta bizi gara. Sare sozialetan albisteak, iritziak eta edukiak etengabe zabaltzen dira, eta askotan oso azkar bihurtzen dira biral. Arazoa da askotan informazio hori egia den ala ez egiaztatu gabe partekatzen dela. Horregatik hiru ideia nagusi lotu nahi izan ditut: biraltasuna, egia-ostea eta paranoia kolektiboa.

Alde teknikoari dagokionez, bideoaren hasieran erritmo azkarra eta plano errepikakorrak erabili ditut: mugikorra begiratzea, scroll egitea, notifikazioak… Horren bidez informazioa gaur egun nola kontsumitzen dugun erakutsi nahi izan dut, ia modu automatikoan. Ondoren, bideoaren erritmoa moteldu egiten da eta planoak lasaiagoak dira, ikuslea hausnarketa batera eramateko.

Alde sinbolikoan, mugikorra da elementu nagusia. Pantaila gure eguneroko errealitatearen leiho bihurtu da, eta informazio gehiena hortik jasotzen dugu. Bideoaren amaieran, mugikorra behera begira uzten da ohe gainean, eta keinu horrek distantzia hartzea sinbolizatzen du: informazioarekiko eta diskurtso kolektiboarekiko distantzia kritikoa.

Alde filosofikoari dagokionez, bideoa Michel Foucault-en ideietan inspiratuta dago. Foucault-ek azaldu zuen gizarteak erabakitzen duela zer den normala eta zer ez, eta nola beldurra kontrol sozialerako tresna bihur daitekeen. Gaur egun, kontrol hori askotan ez da instituzioen bidez bakarrik gertatzen, baizik eta pantailen bidez eta diskurtso biralen bidez ere bai.

Horregatik, bideoaren amaieran ideia bat planteatzen dut: agian gaur egun eroa ez da zalantzan jartzen duena, baizik eta pentsatu gabe dena sinesten duena.

Beraz, nire lanaren helburua ez da erantzun itxi bat ematea, baizik eta galdera bat sortzea: benetan pentsatzen ari gara, ala besterik gabe besteek pentsatutakoa errepikatzen dugu?
 

Azken albisteak

Iragan martxoaren 12a ez zen ohiko eskola egun bat izan DBH 2. mailako ikasleontzat. Liburuak eta motxilak alde batera utzi eta herriko nagusien egoitzara joan ginen, goiz magiko bat konpartitzeko asmoz.
Hiruhilabete honetan zehar, LH6.mailako ikasleak proiektu zoragarri batean murgildu dira, MERKATU SOLIDARIOA.
Lehen Hezkuntzako 3. Mailako ikasleek Eroski Fundazioak eskaintzen duen “Hazteko energía” tailerrean parte hartu dute Laudioko Eroskira bisita eginez. 
Haur Hezkuntzako 2 urteko ikasleak Barbantxoren ipuina lantzen ibili dira.