Urriaren 30ean beldurrak uxatzeko prest?
Urriak 31 betidanik izan da gau berezia. Europa osoan gau hau modu berezian bizitzeko hainbat istorio eta usadio daude eta Euskal Herrian ere hala ospatu izan da “Gau beltza”.
Aurten ere, bostgarrenez, GAU BELTZA antolatzeko hainbat gara elkartu garen eragileak; Aiaraldea Ekintzen faktoria-Kokoriko, Basalarrina, Kirikino aisialdi taldea, Lamuza eskolako guraso elkartea, Latiorro ikastetxeko guraso elkartea, Laudio Ikastola eta Sorginlarren.
Jaiek egunerokotasunarekin apurtu eta ohiturak berreskuratzeko zein egunerokotasunera moldatzeko aukera ematen digute. Sarean, euskara ardatz, antolatuta, gainera, komunitatea indartzeko eta jendartean gehiago eragiteko aukera ere ematen dute.
Gau beltzarekin erritu ezberdinak ezagutu izan dira. Neguari ongi etorria emateko baliatzen da. Neguak urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… barrura begirako ariketan jartzen gaitu. Bestalde, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkarri beldurtuz jolasean aritzeko parada ematen digu.
Gurean ere badira pasarteak, kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak; bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jarriak.
Erritual ugari mantendu dituen herria da gurea. Baina beste asko urteetan zehar galtzen joan dira, egiten zirenaren ezagutza ere ia galtzeraino. Horietako batzuk berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean, hainbat gara elkartu garen elkarte zein ikastetxeetako guraso elkarteak, hain zuzen ere GAU BELTZA jai herrikoi bihurtzeko asmoz. Antzinakoa kontuan hartuta, guretik nahi dugu Gau Beltza ospatu, gaur egungo ikuspegitik ematen dizkigun aukerak eta erakargarritasuna baliatuta.
Gaua, beldurra, kantu eskean gozokiak eskatzea, gauez lagunekin ateratzea, etxeko trapu zaharrekin mozorrotzea,nork bere burua estalita beldurra hedatzea… Haur zein gazteenentzat erakargarriak diren elementu ezberdinak elkartzen ditu ospakizun honek.
Horretarako hainbat dira antolatu ditugun ekintzak.
DOKUMENTALA
Badakigu, Halloweenek gure kaleetan duen presentzia nabaria dela, eta kanpotik etorritako ospakizun hori da gure arbasoek herri honetan zituzten ohiturak desagertaraztera eraman duena. Horregatik, Ikastola, ikastolan zein herrian, gure ohiturei buruzko kontzientzia sortzeko eta gureak diren ohiturak berreskuratzeko saiakera egiten ari da.
Baina ahalegin hori partekatua izan behar dela uste dugunez, Taupa euskaltzaleen mugimenduak sortutakoa Gau Beltzari buruzko dokumental labur bat partekatzen dizuegu, trasmisioan laguntzeko.
EGITARAUA
Etorri etxeko trapu zaharrekin mozorratuta!
18:00-19:30: Beldurrezko txokoak: ginkana, makillajea, eskulanak, kondaira. Lamuza parkean. Eguraldi txarra egitekotan Parkea Kultur guneko arkupeak eta lehengo gaztetxea zena.
19:30 Beldurrezko kalejira girotua Lamuza parketik Herriko Plazara (edo Aldai Plazara, eguraldi txarra egitekotan)
20:00 Dantzaldia, neguari ongi etorria emateko, Ikastolako dantza taldearen eskutik.
20:15 Txokolatada. Kalejiran parte hartzen dutenek eta dantzariek lehentasuna izango dute.
Jarraian, musika emanaldia eta Ikastolako “IkaSahara” ikasle taldeak antolatuta, elkartasun txosna jana eta edanarekin.
Parte hartu!
ESKAERA
Gau beltzeko jarduerak burutu ahal izateko, etxean dituzuen oihal zuri zaharrak (maindireak, gortinak...) ekartzea eskertuko genuke. Hauek idazkaritza aurrean utzi ahal izango dira, bertan horretarako prestatutako kutxetan.
IKASTOLAN ERE BADUGU ZER OSPATU
Ikastolako ikasleak ere Gau Beltza prestatzen ari dira, urriaren 30en ospa dezagun. Egun horretan, arratsaldean behintzat, etxeko trapu zaharrak jantzita mozorrotuta etortzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu.