Skip to main content

Saharan elkartasun proiektua

2024/12/11
Irudia
MEDIKAMENTUEN ENTREGA

KOOPERAZIOA SAHARAR KANPAMENTUETAN 

Laudio Ikastolak, aurten ere, elkartasun proiektua gauzatu du.

 

Proiektu honek aurrekari garrantzitsuak ditu, izan ere, Laudio Ikastolak 2009. eta 2010. urteetan ere antzeko ekimenak burutu zituen, Saharako Bucraa herriarekin (daira)  lankidetza eginez. Ondoren, egoera eta faktore desberdinengatik, proiektua eten egin zen, baina 2022/2023 ikasturtean berriro jarri zen martxan, helburu berberekin eta saharar errefuxiatuekin elkartasun loturak indartzeko asmoz.

Aurreko hamarkadan abiatutako egitasmoa 2022/2023 ikasturtean berpiztu eta aurten ere, saharar errefuxiatuen kanpalekuetan, zehazki Aaiun wilayan kokatutako Bucraa herrian (dairan) , garatu da. Hirugarren adineko pertsonak egunez zaintzen eta elikatzen dituzten egoitzan, zehazki.

Bidaia azaroaren 29tik abenduaren 7ra izan bada ere, abentura ez da data horietara soilik mugatu. Parte hartzaileek urte luze eman dute antolaketa eta prestaketa lanetan, finantziazio iturri eta egitasmoaren zabalkunderako egokiak izan zitezkeen ekimenak burutzen; kamiseta salmenta, diru bilketa bideoa, elkartasun zinema, azokak, zozketak, material bilketak… Hegaldia ordaintzeko beste diru eskuratuta, proiektua burutzeko Laudio Ikastolak, diru laguntza publikoen esperoan, 4000€tik gorako ahalegin ekonomikoa egin du Bucraako nagusien eguneko egoitzako ortua eraikitzeko.

Saharar errefuxiatuen kanpamentuetan bertan, ikasleek baratza ixten duen horma margotu dute. Hiru egunez lan horiek eginda, baratzaren inaugurazio unea ere bizi izan dute herriko alkatearekin, wilayako lehendakariarekin (gobernadorea) eta eguneko zentroko koordinatzailearekin batera. Telebista ere gertutatu izan da.

Astebeteko bizipena izan da eta kooperazioaz gain, bertako azpiegitura ezberdinak bisitatzeko aukera izan dute; Rabuniko ospitalea, Bucraako Lehen Hezkuntzako eskola, Erresistentziaren Museo Nazionala, dunak… . Gainera, tokiko errealitatea, kultura, zein historia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute, saharar errefuxiatuekin, familien jaimetan (etxebizitzetan) bizi izan baitira.

 

Ahaztezina izango den esperientzia honetan aurreikusitako helburuak bete dira: batetik, Laudio Ikastolako ikasleak elkartasun eta lankidetza balioetan hezi eta trebatu, eta bestetik, Bucraako herriko azpiegiturak hobetzen lagundu. Parte hartzaileek saharar herriaren egoera zuzenean ezagutzeko eta esperientzia aberasgarri bat bizitzeko aukera izan dute, kultura desberdina, errealitate sozial eta ekonomiko zailak eta elkartasunaren garrantzia lehen eskutik ikasiz.

Egitasmoan guztira batxilergoko 2.mailako 18 ikaslek parte hartu dute, gehienak Laudiokoak izan badira ere, Orozkokoak, Amurriokoak, Aiarakoak eta Artziniegakoak ere egon dira.

 “Espero nuena baino hobea da baina oso oso harrigarria egin zait. Daukaten apurra eskaintzen dizute. Familien eta bertakoen partetik harrera ezinhobea izan da. Bost hamarkada errefuxiatuen kanpamentuetan egoteko aurrerapena nabaria da baina ez dute bizirauteko baliabide nahikorik.” Oihan Gorostiaga Estiballes ikaslearen hitzak.

 

Proiektuak Bucraako herriaren eta Laudio Ikastolaren arteko lankidetza hitzarmenaren jarraipena aurreikusten du, lehenago hasitako elkarlanari eutsiz. Hitzarmen horrek aukera emango die ikasleei etorkizunean saharar herriarekiko beste ekimen solidarioetan parte hartzeko, hala nola, janari bilketetan edo “Oporrak bakean” programan. Proiektu honek ikasleen prestakuntza intelektuala eta pertsonala sendotu nahi ditu, elkartasunaren eta kultur-arteko elkarlanaren bidez, eta etorkizunean ere, Saharako herriarekin lotura estuak mantentzea espero da, hurrengo belaunaldiei ere esperientzia hau bizitzeko aukera emanez.

 

Bide batez, proiektu hau ahalbidetu duten familia, merkatari, komunikabide, erakunde eta norbanako guztiei eskerrak ematea.

 

AURRETIK KOMUNIKABIDEETAN AGERTUTAKOA

Aiaraldea:

https://aiaraldea.eus/laudio/1730915025848-saharako-kanpamentuetan-laguntzeko-elkartasun-proiektua-egingo-du-laudio-ikastolak

https://aiaraldea.eus/laudio/1732138580965-25-kiloko-motxilak-eramango-ditugu-janari-eta-botikekin

https://aiaraldea.eus/komunitatea/LaudioIkastola/1733349680035-saharar-kanpamentuetatik

Radio Llodio:

https://radiollodio.com/2024/11/07/laudio-ikastola-llevara-a-cabo-un-ano-mas-su-proyecto-solidario-en-los-campamentos-de-refugiados-saharauis/

 

OSTEAN KOMUNIKABIDEETAN AGERTUTAKOA

Radio Llodio: https://radiollodio.com/2024/12/13/laudio-ikastola-ha-llevado-a-cabo-un-ano-mas-su-proyecto-solidario-en-el-sahara/

Deia: https://www.deia.eus/actualidad/sociedad/2024/12/16/alumnos-ikastola-laudio-regresan-viaje-9054141.html

Aiaraldea: https://aiaraldea.eus/laudio/1734097833886-laudio-ikastolatik-bucraako-bihotzera-eraman-dute-elkartasuna

No te olvides: https://noteolvidesdelsaharaoccidental.org/laudio-ikastola-ha-llevado-a-cabo-un-ano-mas-su-proyecto-solidario-en-el-sahara/

 

Azken albisteak

2024-12-20
Euskara irakasten da edo euskaldun aktiboak sortzen dira?
2024-12-18
42 urteko ibilbideari agur esan dio Anabelek.
2024-12-17
Pasa den ostiralean Gasteizen.
2024-12-16
Kirolariak ikastetxeetan egitasmoa.