Etengabe, Araba Euskaraz 2025
Bastida ikastola laguntzeko egingo da Arabako ikastolen heldu den urteko jaia.
Olarizun ospatuko da ekainaren 15ean, zortzi ikastolek bat eginda, eta urte osorako egitaraua ere izango du.
Atzo aurkeztu zen 2025. Urteko Araba Euskaraz jaia, azken aldietan bezala, Araba Euskaraz urtea izango dena, urtean zehar hainbat ekintza programatuko baitugu Arabako ikastolok, elkarlanean antolatuko dugun egitarauan. Jaia ekainaren 15ean ospatuko dugu, Gasteizen, Olarizun, eta urteko ekitaldiei urriaren 18an emango diegu hasiera, Bastidan. Izan ere Arabar Errioxako Bastida ikastola laguntzeko egingo da hurrengo Araba Euskaraz. ETENGABE da 2025eko Araba Euskarazentzat aukeratutako leloa.
Gaur aurkeztu dugu, Gasteizen, 2025eko Araba Euskaraz. Aurtengo leloa eta logotipoa erakusteaz gain, urritik ekainera bitarte aurreikusten ditugun ekimenak ere aurkeztu ditugu, eta 2024ko Araba Euskarazen amaierako balorazioa ere egin dugu. Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakari Unai Mendizabalek, Bastida ikastolako zuzendari Ketxu Bedialaunetak eta San Bizente ikastolako Arturo Lopez de La Callek hartu dute hitza. Halaber, Arabako beste sei ikastoletako ordezkariak ere izan dira agerraldian.
LELOA
- Etengabe, ikastola: 45 urte badira ikastola ireki genuela, eta ordutik etengabe ari gara Bastidari kalitatezko hezkuntza eskaintzen, euskaran eta euskal kulturan ardaztuta. Gurasoen kooperatiban antolatua, bokazioak, inplikazioak eta pasioak mugiarazten gaitu.
- Etengabe, hezkuntza eta pedagogia: Ikastola ereduan oinarrituta, pedagogia aurrerakoiak baliatuz, ikasleak erdigunean jarrita hezten ditugu, haiek baitira gure egitekoaren ardatz, gure iparra.
- Etengabe, hizkuntza eta kultura: Ikastola ereduaren zutabe nagusiak izaki, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa eta biziberritzea ditugu helburu, eta, ezagutzaz gain, erabilera, sormena eta gozamena bilatzen ditugu.
- Etengabe, berrikuntza eta eraldaketa: Ikerkuntzan, garapenean eta berrikuntzan oinarritutako eraldaketa ari gara eragiten hezkuntzan. Hezkuntza ari gara eraldatzen, gizartea eraldatu nahi dugulako. Horretarako, irakasle eta profesional talde konprometitu eta sendo bat daukagu.
- Etengabe, eragiten: Herrian txertaturik, herrian eragiten. Bastidari zabal zabalik gaude. Hartu-eman etengabean, herritarrekin lankidetzan, hezkuntzan, euskaran eta euskal kulturan eragiten dihardugu etengabe. Eskualdeko beste ikastolekin harreman estuan, Arabar Errioxa guztian eragitea dugu helburu.
LOGOTIPOA
"Etengabe" lelotik abiatu gara bi zatitan osatutako logotipo bat sortzeko. Goiko aldeak leloaren esanahia irudikatzen du, tipografia informalarekin sortua, trazuren jarraitasuna erabiliz, esaldiaren esanahia irudikatzen duen gezi batekin lagunduta. Aldiz, izenaren alde instituzionala (Araba Euskaraz 25), tipografia sendoago eta serioago batekin sortu da, tipografiaren bertsio ezberdinekin jolastuz, egonkortasuna eta modernotasuna ematen duelarik.
Koloreetarako, Bastida herritik eratorritako gama kromatiko bat aukeratu da, alde batetik, etxeen, teilatuen eta harresien okre, marroi eta laranja koloreak erabiliz, eta bestetik, mahastietako eta mahatsondoetako more, fuksia eta arrosa koloreak. Kolore hauek bata bestearekin konposatuz diseinu erakargarria lortzen dugu.
Iruditegi grafiko moduan, geziak, norabide lerroak eta triangeluak erabili ditugu; leloa indartzen dute eta proposamen grafikoari dinamismoa ematen diote.
ARABA EUSKARAZ ‘25
Arestian aipatu bezala, Araba Euskaraz urte osora eramango dugu aurten ere, Ikastolen Elkartean batzen garen Arabako zortzi ikastolen artean landu dugu egitaraua, eta berau eta Araba Euskaraz eguna antolatzeko batzordeak ere osatu ditugu.
Urtean zehar hainbat ekimen eramango ditugu aurrera denon artean, urrian bertan hasita. Datetan aldaketaren bat izan daitekeen, eta aipatzen direnez gain besteren bat ere antolatu dezakegun arren, hauek dira buruan ditugun ekimenak:
- Urriak 18: Araba Euskaraz 25 Aurkezpen jaia, Bastida.
- Abenduak 3 eta 4: Gazte Talent lehiaketaren finala, Gasteiz.
- Urtarrilak 26: Go!azen kontzertua, Gasteiz.
- Otsaila : AE 25 Euskal Pilota Topaketak, Bastida.
- Martxoa: AE 25 Abestiaren aurkezpena, EHU Gasteiz.
- Martxoak 21, 28 eta apirilak 4: AE 25 Maters Series (Jai Alai league), Gasteiz.
- Apirilak 4: Non eta Mugan Gazte Topaketa, Bastida.
- Apirilak 11: Elkarrekin Martxan!, Bastida, Argantzun eta Amurrio.
- Maiatzak 17: Etengabe Jaialdia, Bastida.
- Ekainak 15: Araba Euskaraz 2025 jaia, Olarizu (Gasteiz).
Araba Euskaraz egunari begira, berriz, aurreko urteotan bezala, haurrei eta familiei bideratutako jai eguna ari gara prestatzen, baina adin guztietarako askotariko kultur ekimenak eskainiko ditugu. Jai parte-hartzailea izatea nahi dugu, eta euskararen erabilpena bultzatuko duena. Erakundeek eta babesleek eta laguntzaileek tokia izango duten jaia izango da.
BASTIDA IKASTOLA
Aurrez esan bezala, Araba Euskaraz 2025 Bastida ikastola laguntzeko egingo da. Zortzi ikastolak eskuz-esku, auzolanean, arituko dira urte osoan zehar antolatuko diren ekintzetan. Bastida ikastola 1979. urtean sortu zen bederatzi ikaslerekin. Gaur egun 175 ikasle ditu, eta Bastidakoak ez ezik, Euskal Herritik kanpo bizi diren hainbat ikasle ere hartzen ditu.
Eskualde erdaldunean kokatuta egonik, euskalgintzan eragile nagusietakoa da Bastida ikastola, ikastola barruan bezala, herrian ere eragiten diharduelarik euskara biziberritu dadin, Euskaraz Bizi programaren bitartez.
2025eko Araba Euskarazen bitartez hauek dira ikastolak lortu nahi dituen helburuak:
- Bastida Ikastolatik Euskararen eta Euskal kulturaren alde egiten dugun lanari garrantzia ematea: 45 urtez etengabe auzolanean aritu gara Bastidan Euskara eta Euskal kultura zabaltzen. Herrian eragiten.
- Bastidan eta Arabar Errioxan Euskararen eta Euskal kulturaren alde eragitea: euskararen eta euskal kulturaren transmisioa eta biziberritzea ditugu helburu, eta, ezagutzaz gain, erabilera, sormena eta gozamena bilatzen ditugu.
- Bastida Ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematea eta sendotzea: proiektuan parte hartuko duten familia eta bidelagun berriak lortzea.
- Ikastolako proiektuari jarraipena emateko finantzazioa lortzea: Ikastolan egin behar diren inbertsioei aurre egiteko.
AURKEZPEN JAIA
Urriaren 18an, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, aurkezpena jaia egingo da Bastidan. Animatzen?