EUSKARAREN EGUNA(K)
Ikastolan Euskararen eguna ospatu genuen atzo. Mailaz-maila ekintza asko egin zituzten; dantza, etapa arteko jolasak, Argitxoren bisita, bertsolariak... . Aurten ere, ozen adierazi dugu euskaraz bizi nahi dugula!
Bigarren Hezkuntzakoen kasuan, mezu positiboak eta koloreztatuak idatzita mezu erraldoia osatu zuten, gure nahia lau haizetara zabalduz. Bitartean, Areto Nagusian, Aroa Zubizarreta eta Ekaitz Samaniego bertsolariek no egindako saio-bikoitzarekin gozatu ahal izan zuten DBH 3.mailakoetik gorako ikasleek. Gai barregarriak, serioak eta gaur egungoak jorratu zituzten. Dantzariak ere, ezin ahaztu. DBH 2.mailako dantzari trebeek galekideen aurrean dantzatzeaz gain, Lehen Hezkuntzako ikasleen atsedenaldian ere dantzatu zuten.
Ikastolan egindakoaz gain, Laudio Udalak azaroaren 29an, goizeko 11:00etatik aurrera, ekitaldi publikoa egin zuen eta bertan, Lehen Hezkuntzako 5.mailako ikasleek bertsoak abestu zituzten. Egitarauak arratsaldean jarraitu zuen, Kasinoan, “Euskararen Kriseilua” ekimenaren amaierako ekitaldi batekin.
Igandean, abenduaren 1ean, eskualdeako Euskararen jaia ospatu zen Arrankudiagan.
Bestalde, gogoratu abenduaren 19an, Trebatu gura(so) hitzaldi zikloaren baitan Kike Amonarriz Gorriarekin euskararen erabilera aktibatzeko solasaldia daukagula.
Datorren urtean berriro ospatuko dugu gure hizkuntzaren eguna, baina ezin dugu ahaztu euskararen eguna urteko 365 egunetan ospatu behar dugula. Lehen hitza euskaraz!
EUSKARA ERABILTZEKO ERREZETA
Lehenengo gogoa eta motibazioa bota lapikora, eta koilara batez ondo nahastu. Hemen dituzu osagaiak eta egiteko modua. Berotzen direnean, 250 gr ausardia gehitu aurretik egindako nahasketari. Borondatea ere erabiltzea komenigarria da, 5 koilarakada. Gero, labean sartu 30 minutuz eta hozten utzi. Hartu, dastatu eta erabili!
Zer iruditzen zaizue?