Skip to main content

Hezkuntza inklusiboa

2024/07/16
Irudia
LEIRE

Ikastolen Elkarteko ordezkaritza batek parte hartu izan du "Hezkuntza inklusiboari eta ikaskuntzarako diseinu unibertsalari buruzko Nazioarteko I. Kongresuan", ekaina amaieran, Sevillan.

Bertan izan zen Leire Burdain Mestraitua, gure Ikastolako orientazio taldeko kidea. 

Hezkuntza inklusiboari eta ikaskuntzarako diseinu unibertsalari buruzko Nazioarteko I. Kongresua egin berri da Sevillan (Espainia), eta Ikastolen Elkarteak ikastolekin garatzen ari den bi  proiektu aurkeztu zituen bertan.

Ikastolen Elkartean Inklusioaren eta IDU Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren ardura daraman taldeko ordezkariak izan ziren bertan: Leire Burdain, Petro Vera eta Amaia Gutierrez. Hiruek azken urteetan ikastoletan IDU alorrean egindako lana aurkeztu zuten Nazioarteko Kongresuan. Hain zuzen ere bi egitasmo aurkeztu zituzten:

  • Ireki leihoak partehartzeari
  • Ortzi-mugarantz elkarrekin

Ikastolen Elkartetik oso balorazio ona egin dugu gure egitasmoen aurkezpenek arreta piztu dutelako eta Kongresuan bertan txalotu egin dituztelako. Kongresuak balio izan digu hainbat unibertsitateko adituekin eta Ikaskuntzarako  Diseinu Unibertsala lantzen duten beste hainbat aditurekin harremanak egiteko.

Kongresuan parte hartzeak eta bertan gure egitasmoak aurkezteko  aukera izateak berretsi egin dute 2017an ekin genion bidea sendoa dela eta egindako guztiak inklusioaren begirada aldatzeko baliagarriak direla. Bai formazioan bai gelan ikasmaterialen bidez esku-hartze inklusiboagoa izateko gure proposamenak punta-puntakoak direla ere baieztatu digute Kongresuan. Oraindik ere bidea egiteko dugu eta jarraituko dugu egiten.

Hauek izan dira aurkeztu ditugun egitasmoak

Ireki leihoak parte-hartzeari

Gaur egungo irakaskuntzan aniztasun handia dago ikasleen premia akademikoei, kulturalei, emozionalei, harremanei eta psikosozialei dagokienez; aurrerapen eta aberastasun teknologiko handiko unea da, eta hezkuntza-legedi berriak daude, lan egiteko moduan aldaketak egiten dituztenak. Horrekin guztiarekin, irakasleak estrategia metodologiko berriak, ikasgelako (espazioak eta denborak) eta baliabide pertsonal eta materialen antolaketak eta ikuspegi inklusiboagoak maneiatzeko beharrean aurkitzen dira.

Errealitate horretan, irakasleen berariazko eta behin eta berriz errepikatzen den kezka bat da zer egin eta nola egin ikasleen egoera- eta premia-aniztasunari erantzuteko, curriculumean sartzeko eta ikaskuntza-egoeretan parte hartzeko aukera emanez.

Berrikuntza-prozesu honetan irakasleei laguntzeko gure modua, erronka teknologiko, metodologiko eta pedagogiko berrietara egokitzea eskatzen duena, gure unitate didaktikoak berrikustea eta eguneratzea izan da.

“Ireki leihoak parte-hartzeari” egitasmoak erreferentzia egiten dio begirada zabaltzeari, aukerak handitzeari, aukera berri eta askotarikoak irekitzeari, curriculuma diseinatzeari malgutasunera irekiz, arreta desberdinaren aberastasunean jartzeari. Horretarako, hainbat arlotako unitate didaktikoak diseinatu ditugu, IDU Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren jarraibideak barne hartzen dituztenak eta gaur egun ikaskuntza-egoera desberdinetan lantzen direnak. Inplementazio hori gure material digitaletan egin da.

Ortzi-mugarantz elkarrekin

" Ortzi-mugarantz elkarrekin" hezkuntza-estrategien integrazio sakon eta kontzientea lantzen duen proiektua da, irakasteko eta ikasteko prozesuetan inklusio printzipioak txertatuz.

Horrek esan nahi du prestakuntza-metodoak eta praktikak konbinatu behar direla, ikasle guztiek, beren gaitasunak, baldintza sozioekonomikoak, kulturalak edo linguistikoak zein-nahi direla, hezkuntza-aukera berdinak izan ditzaten eta aukera horien onura osoa izan dezaten. Ikuspegi honen helburua aniztasuna aintzat hartu eta baloratuko duen hezkuntza-giroa sortzea da, edukiak eta metodologiak ikasle guztien beharrei erantzuteko egokituz.

Gure proiektuaren abiapuntua aurten argitaratu dugun Hezkuntza Marko Orokorra da, lortu nahi dugun pertsona-eredua definitzen duena. Bertan, ikuspegi eta estrategia inklusiboei buruzko hezkuntza-ildo oso bat sartzen da. Hori guztia ikasle guztiengana iristeko, ezinbestekoa da ondo prestatutako irakasleak izatea. Horregatik, prestakuntza-plan bat aplikatzen ari gara. Plan horren helburua aniztasunari arreta ematea da, eta, horretarako, aniztasuneranzko begirada aldatu behar da, gogoeta eginez.

Gure prestakuntza eredua prestakuntza partekatzen dutenen eta jasotzen dutenen arteko talde-lanean eta hezkuntzan inklusioa eta berrikuntza lortzeko ikuspegi partekatuan oinarritzen da.

Aukerak zabaldu nahi ditugu, aukera berri eta askotarikoak eskaini, curriculum malgu bat diseinatu, beti ezberdintasunaren aberastasunean arreta jarriz; horretarako, prestakuntza-plan bat diseinatu dugu, non abiapuntua prestakuntza guztietan lagunduko diguten IDU Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren jarraibideen ezagutza den.

Irudia
Irudia
Irudia

Azken albisteak

2024-07-11
2024/2025 ikasturte hasierarako argibideak
2024-07-09
Lehen Hezkuntzako 5.mailako ikasleek Ametsen potea sortu dute.
2024-07-02
Laudio Ikastolak 2024/25 ikasturterako ondorengo lan eskaintza osatu du.
2024-06-28
Energia berriztagarrien alde, 100 eguzki plaka jarri dira.