2008an hasi eta 2026an bukatu
Urte batzuk Ikastolan igaro ondoren, iritsi da hemendik alde egin eta etapa berri bati ekiteko unea.
Espero dugu zuek Ikastolan utzitako arrastosa zuek daramazuenaren parekoa izatea.
Eraman itzazue Ikastolan bizi eta ikasitakoak, zabal ezazue euskara lau haizetara eta segi hazten parez-pare duzuen etorkizunean!
Duela urte batzuk pentsatzen genuen zailena irakasgaiak aukeratzea zela, baina egia esan, orain agur esatea askoz zailagoa da. Oso arraroa da momentu hau bizitzen egotea. Nola amaitu egin dugu ikastola hain azkar? Duela gutxi, beheko eraikinean geunden, jolastokian guztion artean jolasten, zoriontsu, ez genekielako ezta zer zen azterketa astea.
Bai, momentu politak pasatu ditugu batera, baina gure kideen momenturik txarrenak ikusi ditugu ere: txikitan hortzik gabe, zauriz beteta edo, are gehiago, burua zorriz beteta ikusi dugu. Orain, “gaindituko zuenari” azterketa ematen diotenean geratzen zaion aurpegia eta lehenengo orduan ditugun aurpegiak ikusten ditugu. Bueno, egia esan, aurpegi batzuk ez ditugu inoiz lehenengo orduan ikusi.
Gure bizitzako etapa hau oso luzea izan da, eta urte guztiak ez dira berdinak izan. HH inbidiaz begiratzen dugun etapa da, bueltatzeko asmoarekin: pantera arrosa, shaun ardia eta benito otsoa ikusteaz gain, makilakixkiren eta zirkoaren antzerkiak egin genituen, eta egun osoa jolasten igarotzen genuen. LH antzerkiz beteta egon zen ere, baina gauzak zailtzen hasi egin ziren: Hocus and Lotus, txirula jotzea, inguruneako esperimentuak, ikastolako aldapa handia igotzen hastea, irakasle berriak…
Gure kasuan pandemiak LHtik DBHrako saltoan harrapatu gintuen baina Oloteko trukea eta esperientzia galdu genuen arren, ez dugu ahaztuko urte ezberdina, baina berezia izan zela. DBHn sartzerakoan hainbat ikasle berri etorri ziren herri ezberdinetatik, eta batxilergoa hasi aurretik batzuk beren bidea jarraitu bazuten ere, beste askok ikastolan jarraitu dute gaur hona iritsi arte. Nola ahaztu DBH4-n egin genuen ikasbidaia. Bidaia ahaztezina izan zen, denok gogoratuko duguna, etapa hura bukatzeko plan bikaina izan baitzen.
Batxilergoko bi urteak akademikoki hitz egiten txarrenak izan dira: azterketak, amaigabeko lanak eta lo egitea aukerazkoa zen asteak gainditu ditugu, historiako bost gai aurreko gauean ikastea guztiz normala izan da, eta etorkizunari begira beldurra asko handitu egin da. Hala ere, gure arteko harremanak sendotu egin dira, agian Saharan 8 egun dutxatu gabe egoteak gure konfiantza handitu zuelako. Bi urte hauetan, parranda eta negar asko pasatu ditugu batera, momentu onak eta txarrak, eta hori oso aberasgarria izan da guztiontzat.
Argi dago etapa guzti hauek elkarrengandik guztiz desberdinak izan direla, eta garaiak aldatzea gu aldatzea ekarri dute. Ez gara duela hamabost urte ginen berdinak, eta ere ez duela bi urte ginenak. Hala ere, elkarren ondoan jarraitu dugu, momentu onak eta txarrak partekatzen, eta horrek egiten du gure arteko harremana hain berezia izatea. Horregatik eramango dugun onena ez dira notak izango, lagunak baizik.
Gutako asko hilabete edo urte gutxirekin hasi ginen ikastolan eta denbora pasa arren, denok elkarrekin jarraitzen dugu. Urteekin batzuk joan egin dira eta beste asko etorri, baina denbora gehiago edo gutxiago egon arren, denok gara ikastolaren zati txiki bat. Azkenean, hemen jarraitzen dugu Laudio Ikastolan, orain arte dakigun guztia erakutsi digun zentroan.
Agian ez ditugu azterketa guztiak gogoratuko, baina bai gure alboan egon diren pertsonak. Urte hauetan lortutako guztia ez dugu bakarrik lortu, azterketa, lan eta “ezin dut gehiago” baten ondoren, zuek egon zarete, familia eta lagunak. Laguntza eman diguten pertsonek, eutsi egin digute estres momentuetan eta gugan sinetsi egin dute guk geuk egiten ez genuenean ere. Eskerrik asko gurasoei, laguntza eta babesa eskaintzeagatik, hain beharrezkoa dena eta batzuetan ondo eskertzen ez dena.
Eskerrik asko ikastolako irakasle eta langile guztioi, bide luze honetan gurekin egoteagatik eta errazagoa egiten saiatzegatik. Eskerrik asko lagunei, gure ondoan beti egon zaretelako, batzuk txikiak ginenetik eta beste batzuk ez hain txikitatik baina, hala ere, ezinbestekoak zarete. Horrez gain, ez dugu ahaztu nahi gurekin ez daudenei eskerrak ematea, bidean galdu ditugunak, gaur hemen egon gintezkeela sinestu zutenak eta ahal izan zuten arte lagundu zigutenak.
Horrez gain, aipatu nahi dugu guk zorte ikaragarria izan dugula. Guk hezkuntza bikaina jasotzeaz gain, oinarrizko beharrak guztiz asetuta izan ditugu beti. Hala ere, guk izan dugun zortea, zoritxarrez, askorentzat ezinezkoa da. Horregatik, aipamen berezi bat egin nahi dugu Saharako biztanleei, batez ere ikasleei, agur bero bat bidali nahi diegu, eta etorkizun batean guk dugun zorte y berdina izatea espero dugu.
Gaur, 18 urte eta gero, guztiok batera gauden azken eguna da, eta ez da etapa akademiko baten amaiera bakarrik, gure bizitzako etapa ahaztezin baten amaiera baizik. Urte hauetan gertatutakoa atzean utzi egingo dugu, hemen, ikastolan, baina aldi berean, gurekin eramango dugu beti, eta nostalgia handiarekin gogoratuko dugu. Betidanik entzun izan dugu lagunak aukeratzen den familia direla, baina Ikastolaren kasuan, ez da horrela izan. Batera pasatu dugu bizitza osoa, eta horrek, nahi ala ez, familia bat bihurtu gaitu.
Ez dakigu zehazki zer datorren orain, baina badakigu orain arte bizitakoak gauza berriak irakatsi dizkigula: irakasleen txapen aurrean entretenitzeko modua, azterketa baten aurretik bat-batean denok aditu bihurtzea, eta noski, konpromiso hitza hiztegian begiratu behar dugula.
Hemendik urte batzuetara seguruenik data asko, apunte asko eta azterketa asko ahaztuko ditugu. Baina ez dugu sekula ahaztuko hemen nola sentitu garen, ezta norekin hazi garen ere. Eta hori da graduazio hau benetan berezia egiten duena.
Orain gure bideak banatu egiten dira, baina horrek ez du esan nahi gure bizitzak betiko urrunduko direnik.
Hau izan da 2008ko promozioa.