Skip to main content

Janus Lesterrek EITBn abestutako gabon kantari jarri dizkio hitzak Nahikari Yuberok

Irudia
EITB Janus Lester

EITBk ekoitzitako aurtengo gabon kanta sortan, Janus Lesterrek abestutako “Lurra etxe” kantuaren hitzak sortu ditu Laudio Ikastolan Batxilergo irakasle ari den Nahikari Yubero Perezek.


Adolphe Adam musikagilearen “Minuit, chretiens” doinuaren moldaketa da. Sareratutako bideoklipean, Janus Lesterrekin batera Euskadiko Orkestra eta Bilboko Koral Elkarteko Haurren Korua aritzen dira, Fernando Velazquezen  zuzendaritzapean.

HEMEN IKUSI


LURRA ETXE
Etxearen sutondoak elkartu
ditu atzoko eta gaurko egunak.
Aitonaren begi nekatuetan
gorderik hondamendi mutuak.
Udazkenak orbelaz jantzi ditu
sustraietan hazitako hitzak.
Nostalgiak estu babestuz
doinu zaharrak negu hon(e)tan, betirako:
“ez gaitzala gure lurrak ahaztu”.

Sua dantzan, ilunpetan epel da
ume baten hasperen garbia.
Magalaren epeltasuna baita
aterpea zilarrezko gau(e)an.
Ehortzirik kometa isilen hotsa
Ama baten ahots samurpean.
Esperantzak estu babestuz
Doinu zaharra, negu hon(e)tan, betirako:
“ez gaitzala gure lurrak ahaztu”.

Irudia
Argazkian: Nahikari Yubero eta Janus Lester


    3   GALDERATAN*        

*ezagutu ikastolakideak  gustuko duten horretan

Nolatan parte hartu duzu proiektu honetan?

Uztailean, Ura Bere Bidean proiektuan parte hartzen zuten aurtengo edizioko euskal musikariak elkarrizketatu nituen, besteak beste, Janus Lester. Bertan ere Fernando Velázquez gertuagotik ezagutzeko aukera izan nuen eta luze aritu ginen sorkuntza prozesuez berba egiten. Nik idatzitako testu batzuk irakurri zituen eta bide horretan jarraitzeko eskatu zidan. Hilabetera deitu zidan: EITB Gabon Kantak programarako abestiak moldatzen zebilela baina kanta baten jatorrizko letra berridatzi nahi zuela eta nirekin kontatu nahi zuela hori egin ahal izateko. Musika pasatu zidan, Janus Lesterrek abestuko zuela esan zidan eta idazten jarri nintzen, askatasun osoz, niretzako « Lurra Etxe » zen Palestinaren egoeraz, bertako umeez eta familiez. Eta horrelaxe deitu nuen: « Lurra Etxe ». Olerkia bidali nion eta, handik egun batzuetara, grabazi osoa jaso nuen.

Nondik datorkizu sortzaile grina hori?

Beti idatzi dut, ikasle nintzenetik. Literaturako irakasle bikaina izan nuen eta lagundu zidan idazkera bidelagun izaten. Literatura ere ogibide bihurtu nuen gero eta sorkuntza beti izan dut beharrezko barruan dudan guztiari leku bat egiteko: antzerkian, iritzi artikuluetan, olerki eta ipuinetan edo egiten ditudan elkarrizketetan. Niretzako hitzek zentzua ematen diote egiten dudan guztiari, gehienetan idazten dudana elkarbanatzen ez badut ere.

Zer moduz moldatzen zara sormena sustatzen Laudio Ikastolako ikasleen artean?

Aukera dudanean, gustuko dut ikasleei ere sormena lantzeko aukerak ematea: batzuetan ahaztu egiten dugu gazteak ere noizbait umeak izan zirela
eta horrelako ariketekin antzematen da badagoela oraindik ere emozio eta sentimenduetan lan egiterik. Idazle politak daude gure geletan!
 

Azken albisteak

Ikastolako zapiak / Jantokiko menua eta oharrak / Sahararako bidaia / DBH4ko desfilea / HHko argazki bildumak
Saharar errefuxiatuen kanpamentuetako Aaiungo Bucraa herrian izan dira batxilergoko 2.mailako 19 ikasle.
Ikastolako ia 300 ikasleren lanak aurkeztu dira Olentzero eta Mari Domingiren urteroko marrazki lehiaketara. Laudioko gainerako lanekin batera ikusgai izan dira Laudioko Kultura Etxean abenduaren 16ra arte.
Familiek euskararen transmisioari eta erabilpenaren sustapenari bultzada emateko dinamika abiatu dugu Laudio Ikastolan.