Hirugarren aldiz lortu dugu!
Aurten ere, 2021ean eta 2023an bezala, euskararen aldez 10000km egitea lortu dugu. Eskerrik asko 13168km egin zenituzten guztioi, baita egunaren antolaketan eta txandetan aritutakoei ere!
"Kaixo guztioi eta ongi etorri!
Gaur hemen gaude, Laudion, elkarrekin osatzeko erronka potoloa dugulako esku artean: euskararen aldeko pausuak ematen jarraitzeko eguna da gaurkoa. Eskoletatik atera eta herriko kaleak euskaraz entzuteko eguna.
Ez da edozein urrats... hamar mila kilometroko langa gainditzeko eguna, denon artean, oinez, korrika, txirrindulaz, patinetan…osatzeko!
Ekimen hau ez da soilik joan etorriak egitea. Ez da pauso hutsen kontua. Herriko ikastetxe eta eragile ezberdinen artean antolatu dugun ibilaldi hau orbaina utzi nahi duen bide bat da: Euskara oinarri duen komunitatea handitzeko bidea, etxetik, familiatik, hasi, lagun artean errotu eta mundura zabaltzen dena.
Horregatik, ekimenari hasiera emateko, hamarkada hauetan guztietan herritarrak euskalduntzen bidelagun izan dugun AEK EUSKATEGIAri hitza emango diogu.
Ttipi-ttapa,
ttipi-ttapa....
Tipi-tapa, poliki-poliki eta eskutik helduta, gaurko egunean, Laudioko eskolek elkar lanean antolaturiko ekimen-erronka honi ekingo diogu. Laudioko eta eskualdeko edozein herritako familiok eta norbanakook ibiliko gara Zumalakarregitik gora eta behera, guztion artean hamar mila kilometro oinez osatzeko erronka betetzeko.
Eskoletan familian aritzea lehenetsi bide da. Izan ere, horixe da gure hizkuntza beste edozer baino lehen; familia-hizkuntza, hain zuzen. Familia-hizkuntza denak gerora gizarte mailako harremanetarako hizkuntza izateko erraztasun osoa izango du. Bilaka dezagun, beraz, nork bere familiako hizkuntza euskara!
Eta helburu honetarako oztopo izan daitezkeen nor bere buruarekiko ziurtasun falta, edota euskaraz lasai aritzeko ingurune falta, edota jakite maila, edota ikasteko denbora falta,… baduzula ikustekotan, hurbil zaitez euskaltegira eta guztion artean euskalduntzeko zein zure euskara maila hobetzeko bidea eta aukera landuko dugu. Helburua gizarte mailako lehen instituzioan, familian,euskara hizkuntza lehenetsia bilakatzea.
Zumalakarregin gora eta behera zoaztelarik, denbora izango duzue horretaz guztiaz pentsatzeko.
Familiatik plazara; plazatik herrira; herritik mundura… jalgi hadi euskara!
Ttipi-ttapa, euskara…
Pausoz pauso, neurea…
Urratsez urrats, geurea…
Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa,… hamar mila kilometro baietz!
Eskerrik asko, AEK. Oztopo guztien gainetik, zuek ere Laudio euskaldunago baten alde egindako ahaleginarengatik.
Zuen hitzak ez dira edonolakoak izan hausnarketarako gonbidapen bat izan dira. Euskararen aldeko aldarria ere izan dira. Denon ardura da, tipi tapa, eskutik helduta, etorkizuna euskaraz eraikitzea.
Beraz, adi euskaltzale, entzule, parte hartzaile…
Ttipi-ttapa hasiko da bidea… eta bide horretan, euskarak izango du lehentasuna. Gaur bihar eta egunero, bizi gaitezen euskaraz!"