ELKARRETARATZEA IKASTOLOK MATRIKULAZIO PROZESUAN PAIRATZEN ARI GAREN MURRIZKETEN ETA NEURRIGABEKERIEN AURREAN
Azken urteetan, Hezkuntza Sailak matrikulazio prozesuan ezarritako aldaketak medio, hainbat erronkari aurre egin behar izan diegu Ikastolok. 2023ko urtarrilean Hezkuntza Sailak, lantzen ari zen hezkuntza legearen testuinguruan, 2023-2024 ikasturterako ikasleak matrikulatu eta onartzeko agindua argitaratu zuen. Agindu horretan, aldaketak txertatu zituen aurreko aginduekin alderatuta. Berrikuntza hauek, ustez ikasle zaurgarrien banaketa orekatua egitea eta eskaintza eskaerara egokitzea zuten helburu. Horretarako, lehen aldiz zaurgarritasun indizearen nondik norakoak eta baremaziorako irizpide berriak ezarri zituen.
Ordu ezkero, matrikulazio prozesuak gorabeheratsuak eta gatazkatsuak izan dira, oro har, hezkuntza-komunitatean eta, nola ez, gure Ikastoletan. Tartean, Salbatore Mitxelena Ikastolan.
2023ko otsailean, matrikulazio epearen aurretik, Hezkuntza Sailak, ageriko arrazoirik gabe, 2 lerrotara mugatu zuen Salbatore Mitxelena ikastolaren matrikulazioa, ordura arteko plangintzetan 3 lerro esleituta zituenean. Ageriko arrazoirik gabe diogu, herrian aurreko ikasturtean baino 20 ume gehiago zeudelako matrikula egiteko adinean (159 haur 2022an, 179 haur 2023an). Une horretatik aurrera, erreklamazio eta alegazio segida amaiezin bati eman zioten hasiera. 2023ko maiatzean, ahalegin guztiak alferrikakoak izan zirela ohartuta, Salbatore Mitxelena ikastolako komunitateak bere komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi zuen orori ateak zabalik mantentzea erabaki zuen. Hezkuntza Sailak ezarritako justifikaziorik gabeko murrizketei planto egiteko hautua egin zuten beraz. 2025-2026 matrikulazio prozesuaren atarian, duela aste batzuk, Hezkuntza Saileko ikuskariak ikastolara gerturatu ziren. Langileak, gurasoak eta haurrak jazarriak sentitu ziren, miatuak, zelatatuak. Ikuskapen horren ondorioz, Hezkuntza Sailak hauek zigortzeko prozedura jarri du martxan, ustezko adiskidetze bilerak medio eta 140.000 euroko isuna tarteko. Une honetan, prozedura horri amaiera emateko asmoz, aurreko egunean, urtarrilaren 21ean, Salbatore Mitxelena Ikastolak agerraldi bat egin zuen.
Bertan, azken urteetan pairatutako kalte kuantitatibo eta kualitatiboak salatzeaz gain, duela aste batzuk jasotako 140.000 euroko isunaren berri eman, eta Hezkuntza Sailetik jasotako jazarpen eta murrizketen aurka irmo agertu zen.
Guk argi dugu, Hezkuntza Sailak mugimendu hauekin ikastolen proiektua ahultzen du eta horrela euskara, euskal kultura eta Euskal Herria ere ahultzen dituzte. Jakin badakigu garrantzitsua dela segregazioa ekiditeko neurriak hartzea eta jaiotza tasaren beherakadaren ondorioz eskola maparen banaketa aldatuko dela, eta badakigu horrek planifikazioa gauzatze aldera aldaketak ekarri behar dituela. Baina planifikaziorako mugak ez zaizkigu berdin ezartzen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen dugun hezkuntza sare guztiei, eta hori horrela den bitartean, Ikastolok ateak irekitzen jarraituko dugu gure hezkuntza eredua aukeratzen duten familia orori. Horrela adostu genuen Ikastolok 2024ko ekainaren 22an Iruñean ospatu genuen 7. Batzarrean.
Horregatik, gaur, urtarrilaren 24an, elkarretaratzea egin dugu goizeko 8:45ean Ikastolan.
Zarauzko ikastolarekin elkartasuna adierazteko, batetik, eta Ikastolok matrikulazio prozesuan pairatzen ditugun murrizketak eta neurrigabekeriak salatzeko, bestetik.
Gugandik urrun gelditzen den kontu bat dela pentsa dezakegu baina iaz, guri ere 2 urteko mailan hirugarren gela irekitzeko eskubidea kendu ziguten, aurre-matrikula egin zutenetako 4 kanpoan gelditu zirelarik. Iaz 36ko muga jarri ziguten historikoki 50 matrikula egiteko baimena izan dugunean. Honekin gure matrikula ahalmena DBH zein Batxilergora arte mugatua egongo da. Oraingoan Salbatore Mitxelena izan da, bihar auskalo nor den.
IKASTOLAK BIHARKO EUSKAL HERRIA ERAIKITZEN.