Skip to main content

"Laudio ezagutzen" taldea martxa onean

2023/11/07

2023.11.07.- Aste honetan “Herria ezagutzen” taldeko kideek posta zerbitzua aztertu dute. Horretarako Laudioko posta bulegora hurbildu dira, zenbait zalantza argitzera.

- Zer egiten da posta bulegoan?

Hemen gutunak hartzen ditugu. Zuek gutuna bidaltzen duzue, adibidez, senide edo lagun bat agurtu edo zoriontzeko.  Guk beste leku batean bizi bada haraino eramango dugu zuen gutuna. Demagun Madrilen lagun bat bizi dela, guk Madrilera arte eramango dugu zuen gutuna bera agurtuz. 

Gutunak bidaltzeaz gain, pakete handiak etxeetara eramaten ditugu ere. Badakizue orain gauza asko internet bidez erosten direla: arropa, Olentzerok eskatzen dituen jostailuak… 

Olentzerok posta bulegotik jasotzen ditu opari batzuk eta gero berak banaketa egiten du.

Olentzeroren moduan, guk hori ere egiten dugu hemen, pakete handiak banatzen ditugu.  

- Nola iristen dira kartak eta paketeak leku batetik bestera?

Hemendik kudeatzen dugu hori guztia. Zigiluak jartzen ditugu eta banaketa prozesuarekin hasten gara. Adibidez, Fatimetuk bere familiari gutuna idazten badio gutunazalean karta sartu behar du eta kanpoan zigilua jarri beharko du. 

Zigilu bakoitzak prezio bat dauka eta gutunaren pisuaren arabera prezio bateko edo beste prezio bateko zigilua jarriko dugu, tarifa ezberdinak daude. 

Zigiluak normalean oso politak dira, badaude pertsonak zigilu bildumak egiten dituztenak!

- Zer da postontzi bat eta nola funtzionatzen du?

Postontziaren ahotik sartzen dira gutunak. Oso garrantzitsua da aurretik zigilua jartzea. Nahita nahiez zigilua izan behar dute gutunek jarrita postontzia erabili nahi badugu. Zigilua izan ezean posta bulegora hurbil zaitezkete. 

Honen ostean postariek jasoko dituzte postontziko gutunak. Postontzia atzeko aldetik zabalduko dute eta kartak jasoko dituzte.

Jarraian, gutunak Laudiotik Gasteiza doaz. Gasteizen gutunak sailkatzeko makinak daude. Automatikoki gutunazalak irakurtzen dituzte makina horiek eta erabakiko dute nora bidali: hau Bilbora, hau Donostira, bestea Madrilera… Ostean kamioetan dagokien herri edo hirietara eramango dituzte gutunak.

Prozesua automatizatua dago guztiz, normalean. Helbidea gutunazalean ondo irakurtzen ez bada norbaitek pertsonalki sailkatu beharko du. 

- Zertarako balio dute postontzi urdinek?

Postariak bere eguneroko banaketan gauza asko soinean eramaten baditu gutunez betetako poltsa handiak postontzi urdinetan gorde ditzake.

Hau da, pisu gehiegi badarama eta etxez-etxe joan behar bada gutunak banatzen ez ditu gauza guztiak gainean eramango. Etxebizitza batean banaketa egiten bukatuko du eta hurrengo etxebizitzako gutunak postontzi urdinetik jasoko ditu. Hau da, tarte batez hor gordetzen ditu banatu beharreko gauzak. 

- Zer egin behar dut pakete handi bat bidali nahi badut?

Postontzian sartzen ez den pakete bat bidali nahi baduzu bulegora etorri beharko zara. Bulegoan pisatuko dugu zure paketea eta hogeita hamar kilogramo arte pisatzen badu paketea bidali ahalko dugu. Pisutsuegiak badira ezin ditugu paketeak hartu.

- Zein da posta normalaren eta urgentearen arteko aldea?

Bidalketa arrunta bi edo hiru egunetan ailegatzen da. Premiazkoa bidalketa, aldiz, hurrengo egunean heltzen da. Modu honetan bidalketa egitea garestiagoa da baina batzuetan gutun batzuk benetan azkar heldu behar dira dagokien tokira. 

- Badago arau berezirik gutunak beste herrialde batzuetara bidaltzeko?

Ez, ez da ezer berezirik egin behar. Zigilua garestiagoa izango da eta listo. 

Demagun Alemanian egon zarela,  eta Laudiora zerbait bidali nahi duzula. Arazorik gabe zigilua erosten duzu eta hona bidaltzen duzu, inolako arazorik gabe.

- Mila esker gure zalantzak argitzeagatik!

Irudia
Irudia
Irudia

Azken albisteak

2024-11-22
Giza eskubideen defentsan Honduras eta Saharako emakumeen bisita izan dute Batxilergoko 2.mailakoek
2024-11-20
Ikastolatik palestinar ume eta nerabeekin elkartasuna.
2024-11-18
Trebatu gura(so) hitzaldi zikloaren lehen solasaldia Kike Amonarriz Gorriarekin.
2024-11-15
"Hablar porno hablar" proiektua DBH3 eta 4koentzat