Ekainaren 22an Ikastolen Elkartea osatzen dugun 114 Ikastolok gure VII.Batzarra ospatuko dugu Iruñean. Bertan, etorkizunean nahi ditugun ikastolak zirriborratuko ditugu, datozen urteotan izango ditugun erronkei aurre egiteko hausnarketa partekatuaren eta gure bidea gidatuko diguten helburuen zehaztapenaren bidez.
Orain dela bi urte “BIHAR” prozesuan eztabaidatutako “endekalogoa” oinarria izanik, Ikastolen Elkarteak NONDIK GATOZ, NON GAUDE eta NORA GOAZ txostenak landu ditu eta txosten hauetatik aterako dira Iruñeako Batzarrean bozkatuko diren erabakiak.
Prozesu honen garrantzia agerikoa denez, ezinbestekoa da Laudio Ikastola osatzen dugun kideon parte-hartzea. Hori dela-eta, aurrez aurreko asanblada bi antolatu ditugu, apirilaren 10ean eta 24an.
Bilera hauetan hiru txostenetako edukiak aurkeztu eta irakurketa partekatua landu ditugu. Baita hiru txostenen inguruan ekarritako ekarpenak eta emandakinak eztabaidatu ere.
Hezkuntza komunitatea ordezkatzen dugunon ekarpenak jasotzeko gune ezinhobea!