Altxa Burua taldeak Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 2. mailara bitarteko ikasleen familien artean smartphone edo telefono adimenduaren sarbidea atzeratzeko akordioa sustatzeko ekimenaren emaitzak aurkeztu berri ditu.
Familien artean zabaldutako galdetegiak hiru helburu nagusi izan ditu aztergai: familietako seme-alabek spmarphone propiorik duten aztertzea, haren erabilera mugatzeko ezarritako neurriak ezagutzea eta familiek mugikorraren erabilera egoki kudeatzeko baliabideak ezagutzeko duten interesa jasotzea.
Familien erantzuna ia erabatekoa izan da eta erakutsi duten atxikimendu mailak gora egin du aurreko bi ikasturteetan jasotako emaitzekin alderatuta. Horren harira, familiek zein tutoreek ekimenarekin erakutsitako konpromisoa azpimarratu eta eskertu dute Altxa Buruko kideek.
Izan ere familien %100ak erantzun du galdetegia LH1etik DBH1 mailara arte eta DBH2n, erantzun maila %92koa izan da.
EMAITZA NAGUSIAK
Orohar emaitzek zera erakusten dute: Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igarotzeko garaia familiek erabakiak hartzeko une garrantzitsua dela.
Familiek garrantzia ematen diote elkarren arteko koordinazioari. Guztiek adin bera proposatzen ez badute ere, iruzkinek erakusten dute irizpide partekatu bat izateak gizarte-presioa murrizten eta erabaki koherenteak hartzen lagun dezakeela.
SMARTPHONIK EZ DUTEN FAMILIEN %92A BATU DA AKORDIORA
Smartphona ez daukaten familietatik %92a batzen da 2026-2027 ikasturteko familiarteko akordiora, eta konpromisoa hartzen dute smartphonik ez emateko.
Azpimarratzekoa da Lehen Hezkuntzako familia gehienek smartphonea emateko unea ahalik eta gehien atzeratzeko asmoa adierazi dutela, eta familia gehienek 16 urte ingurura arte itxaron nahi dutela, hau da, DBH4 edo Batxilergoko 1. mailara arte.
Smartphona emateko unea atzeratzeko borondate zabala dago. Familia askok 14, 16 edo 18 urte bete arte ere itxaron nahi dute, nahiz eta onartzen duten seme-alaben heldutasunak, beharrek eta gizarte-inguruneak baldintzatuko dutela erabakia.
SMARTPHONEA DUTEN FAMILIEK ERABILERA KUDEATZEKO IRIZPIDEAK LEHENESTEN DITUZTE
Seme-alabei smartphona eman dieten familia gehienek erabilera-mugak ezartzen dituzte. Muga horiek batez ere erabilera-denborari, ordutegiei, aplikazioei eta edukiei dagozkie.
Baliabide praktikoak ezagutzeko interesa dago. Dagoeneko mugak ezartzen dituzten familia batzuek ere baliagarritzat jotzen dute tresna eta irizpide berriak ezagutzea. Gizarte-presioa oztopo nagusietako bat da. Lagun-taldean smartphonaren erabilera hedatzeak familia batzuek atzeratu nahi luketen erabakia lehenago hartzea eragin dezake.
Emaitzek erakusten dute familiek smartphonaren eraginari buruzko kezka partekatzen dutela eta, oro har, arduraz jokatzeko borondatea dutela. Lehen Hezkuntzako familia gehienek oraindik ez diete seme-alabei smartphone propiorik eman, eta gehienek une hori ahalik eta gehien atzeratu nahi dute.
Aldi berean, DBH1eko eta DBH2ko datuek agerian uzten dute seme-alabek smartphonea eskuratzen dutenean beharrezkoa dela familiei laguntzea, tresna zehatzak, arau argiak eta prestakuntza praktikoa eskainiz.
Hautemandako aukera nagusia banakako erabakiak komunitate-estrategia baten baitan bateratzea da. Familien eta ikastetxearen arteko koordinazioak gizarte-presioa murrizten, smartphonea eskuratzeko unea atzeratzen eta teknologiaren erabilera seguruagoa, mailakatuagoa eta arduratsuagoa sustatzen lagun dezake.