Ikastola gaur egungo jendarte anitzaren isla da, eta jendartean bizi den errealitatea, poliki-poliki, Ikastolara heltzen ari da. Bide horretan, iraila hasieran, Amelia Barquín López adituarekin batera Ikastolako langileok kulturartekotasunari buruzko saio sakon eta aberasgarria izan genuen.
Bi orduko topaketa honetan, etorri berriei harrera egokia emateko eta integrazio eraginkor bat bideratzeko gako nagusi batzuk jorratu genituen, baita gomendioak jaso ere.
Besteak beste, hizkuntzaren kudeaketa, erlijio-aniztasuna, identitatearen eraikuntza eta "hemengotasunaren" kontzeptua izan genituen aztergai: zer den benetan “bertako” izatea, zein aurreiritzi ezkutu ditugun eta nola eraiki dezakegun guztiontzako lekua eta kide izate sentimendua gure hezkuntza komunitatean, ondoez emozionala eragin gabe.
Ikasitakoaz eta piztutako gogoetez sakontzeko, hiru galdera labur egin dizkiogu Amelia Barquini:
3 GALDERATAN*
*ezagutu ikastolakideak gustuko duten horretan
Euskara eta integrazioa
Euskara da gure ardatza eta atxikimendu iturri edo elkargunea izatea nahi dugu. Hau sarritan oztopoa da, nola lor dezakegu hori hizkuntza baztertzaile izan beharrean zubia izan dadin?
Gure ikasle guztiek euskaraz ondo moldatzea oso garrantzitsua da, besteak beste eskola ibilbidea egoki egin ahal izateko modua dela. Baina badakigu ikasleek abiapuntu desberdina dutela eta baita ibilbide horretan eskura izango dituzten tresnak. Ikastetxean ahalegin metodologiko handia egin behar dugu lehenengo momentutik desabantaila linguistiko eta sozialean dauden ikasleei tresna eraginkorrak emateko euskara ganoraz ikasten joateko hasieratik bertatik, ekitatearen izenean. Euskarazko aisialdia ere oso garrantzitsua da helburu horretarako, eta bideak eta estrategiak bilatu beharko ditugu ikasle guztiei kalitatezko denbora hori eskaintzeko. Aipatutako ikasleekin bereziki sustatu behar da hori.
Familiekin, bestalde, gauza askotaz hitz egin behar dugu ikastetxean, uler ditzaten nola lagundu ahal duten etxean, nahi eta euskaraz ez jakin: etxean hizkuntzarekiko jarrera positiboa eta interesa erakustea gako bat da. Eta eskolaz kanpoko denboraren jardueraren bat euskaraz egitea ere bai, alderdi batzuk aipatzeagatik.
Hemengotasuna eta identitatea
"Hemengoa izatearen" mugak eta esanahiak birpentsatzeko deia egin zenigun. Zer egin dezakegu Ikastolatik gure ikasle eta familia guztiek, jatorria edozein dela ere, beren burua"hemengotzat"; senti dezaten?
Ikasleengan zentratuko naiz eta esango dut atzerritik etorritako familien seme-alabek zailtasun batzuk aurkitzen dituztela “hemengo” edo “bertako” sentitzeko, edo sentimendu hori denboraren poderioz garatzeko. Arrazoi nagusia, ziur aski, besteon begirada eta trataera da: irakasleek, gelakideek, herrikideek eta are haien familiek atzerritar moduan tratatzen dituzte maiz. Ikastetxeko pertsona batek honakoa esan dezake, adibidez, adeitasun osoz: “Amina Laudion jaio zen eta 10 urte dauzka, bere gurasoak marokoarrak dira eta ikastetxean uste dugu ikasgelan bere hizkuntzari eta bere kulturari erreparatzea garrantzitsua dela”. Azalpen horren edukia ulertzen dugu, baina badirudi hizkuntza bakarra daukala Aminak eta jatorrizkoa dela. Orduan euskara ez al da bere hizkuntza, besteen kasuan bezala? Eta bertako kultura ez al da berea? Gure begirada eta hitz egiteko moduak errebisatzea interesgarria da, ea zer bultzatzen ari garen. Posible izan beharko litzateke ikasleek identitate plurala garatzea, non jatorriarekin lotura sentitzeaz gaiz, “hemengo” edo “bertako” ere sentitu ahal diren. Ikasleen ongizate emozionalari begira eta ikasleek euskara zerbait propiotzat jotzeari begira. Komeni da komunitate osoak gaiaren inguruan gogoeta egitea.
Balmasedako Salim Hiaiti-ren bideo laburra ikusi genuen saioan (Ur handitan programatik, 2026-3-17). Marokotik txikitan etorritako mutil jator horrek ederto azaltzen du nola garatu duen identitate plurala eta euskaltzaletasuna Balmasedan.
Hemen klikatuta, ikusi daiteke. Anekdota polit bat dago, gainera: saioaren bukaeran ikastolako irakasle batek kontatu zigun Salimen tutorea izana zela umea Marokotik Balmasedara heldu zenean. Irakasle horrek eta beste batzuek jarritako hazia eta ahalegina ederto loratu da.
Harrera eta inklusioa
Etorri berriei harrera egiteaz hitz egiten dugunean, maiz lehenengo egun edo asteetan jartzen dugu arreta. Zein dira prozesu horretan epe luzera baztertu ezin ditugun gako nagusiak, ikasle nahiz familia hauek ikastolako komunitatean benetan errotu eta parte senti daitezen?
Alderdi bat soilik aipatuko dut gehiegi ez luzatzeko. Ikasleen familiekin marko linguistikoa lantzea oso garrantzitsua da. Harreraren parte bat kontsideratu daiteke. Hainbat ikastetxetan egiten da saio bat lanketa hori egiteko, ikasturte hasieran, familia guztiekin. Bertan partekatzen da zein den bertako egoera soziolinguistikoa, zergatik euskaldunok “tematzen” garen euskara erabiltzean, seme-alabek euskara ondo ikastetxearen garrantzia eta nola bultzatu etxetik ikaskuntza hori, familien etxeko hizkuntzen garrantzia eta trataera ikastetxean, identitate pluralaren eraikuntza… Adibide moduan esango dut ikastetxe askotan garatzen ari dela “Euskara eta kulturartekotasuna (EKU)” deritzon programa eta bertan marko linguistikoaren saioa jarduera inportante bat da. Bestalde, komeni da gurasoekin egiten diren geletako bileretan trataera linguistiko egokia egotea, alegia, euskarak ardatz izaten jarraitzea eta aldi berean familia guztiek informazioa jasotzea eta parte hartzeko aukera izatea. Horretarako aldibereko itzulpena erabiltzen ari da, telefono mugikorrak erabilita (Telegram aplikazioaren bidez). Familia mota guztien parte hartzea sustatzea ikastetxe ororen erronka da, ondo dakigunez.