Pasar al contenido principal

Irune Etxebarria Lumbreras Basauriko "Hitz-erdiko kontaketak" lehiaketan saritu dute

Irudia
Irune Lumbreras hitz-erdiko kontaketak

Batxilergoko 1. mailako ikaslea den Irune Etxebarria Lumbreras saritu dute Basauriko Udaleko ZirtZart Gazte Zerbitzuak antolatzen duen “Hitz-erdiko kontaketak” ipuin laburren lehiaketan. Aurtengo edizioan, bederatzigarrena, 12 eta 35 urte bitarteko 192 egilek aurkeztutako lanak lehiatu dira eta Iruneri Elkar saria egokitu zaio, 12 eta 17 urte bitartekoek egindakoak propio saritzen dituena.

«Askotan pentsatu nuen une hartan» esaldiari segida eman behar zioten egileek aurkeztutako lanetan, gehienez ere 100 hitz baliatuta, hasierako esaldia zenbatu gabe. Irunek honela heldu zion proposamenari:

Askotan pentsatu nuen une hartan, zeru oskarbi horren atzean maitasun istorio bat ezkutatzen zela ohartzean. Behin batean, ilargi bakartiak fenomeno harrigarri batekin topo egin zuen, eklipsea hain zuzen ere. Ilargia eguzkiaren argiarekin liluratu zen, eta elkar maitemindu ziren eklipseak iraun zuen denboran. Agur esateko ordua heldu zitzaienean, euri zaparrada izan zen isuritako malkoen arrastoa. Ezinezko maitasuna zen hura, eguzkia atera orduko ilargia ezkutatzen baitzen. Bakardadean bizitzera kondenatuak zeuden, eta elkarrekin egoteko desira obsesio bilakatu zen. Zoramen horrekin amaitzeko, eguzkiak bere buruaz beste egin zuen. Ilargiak hildakoen bidea seinalatzen du, hauei argia emanez. Bide horretatik, eguzkiaren arimak ilargiarekin elkartzea lortu zuen.

 

    3   GALDERATAN*        

*ezagutu ikastolakideak  gustuko duten horretan
 

Noiztik ari zara idazketa kontuetan?
Txikia naizenetik izan dut idazteko zaletasuna, etxetik baditut aspaldian idatzitako eguneroko eta istorioak. Esaterako, duela gutxi apunte zaharren artean hainbat hitz aurkitu nituen bizkaieratik euskara batura itzuliak, urrutizkin = telefonoa adibidez. Afizio hau beti bizi izan da nigan, baina azkeneko urtean hainbat iritzi artikulu argitaratzearen ondorioz, orain arte egindakoari jarraipena eman diot.


Alde handia nabaritu duzu iritzi artikuluen eta ipuingintzaren artean?
Alde handia somatu dut ipuingintzaren eta iritzi artikuluen artean, oso ezberdina da kontuan hartu beharrekoa. Ipuin laburrak idazteko orduan, hainbat orrialdetan idatziko zenukeena pare bat ilaretan agertu behar da, modu ulergarrian eta xehetasun garrantzitsuak kanpoan utzi gabe. Gainera, irudimena lantzea ezinbestekoa da istorio berriak asmatzeko. Iritzi artikuluak idazterakoan, ordea, norberaren ideiak defendatzeko pisuzko argudioak bilatzea beharrezkoa da, irakurlea benetako hausnarketa egitera bideratzeko.


Zer proposatuko zenuke Ikastolan literatur sormena gazteen artean sustatzeko?
Ez da erraza galdera honi erantzutea. Izan ere, proposatzen dena proposatzen delarik, zaila da gehiengoarentzat erakargarria izatea. Nire aburuz, eskolaz kanpoko ekintzen artean, idazmenarekin lotutako ekintzaren bat eskaini liteke, bertsolaritza esaterako. Horrez gain, idazle berrien bisitak jasotzea aberasgarria izan zitekeelakoan nago. Eskakizun pertsonal moduan, emakume gazteak balira are aberasgarriago.