Pasar al contenido principal

"Laudio ezagutzen" taldea suhiltzaileekin

2024.02.16.- Suhiltzaileen egoitzara gerturatu ziren eta bertan Josebak euren zalantza eta kezkei erantzun zien. Oso elkarrizketa interesgarria.

- Zer egiten dute suhiltzaileek eguneroko lanean?

Gu larrialdi zerbitzua gara. Larrialdi zerbitzuetan polizia eta anbulantziaz gain suhiltzaileak gaude eta gure lana oso zabala da. Guk etxebizitza, industria eta mendiko suteak itzaltzen ditugu; istripuetara joaten gara jendea laguntzera; erreskateak egiten ditugu mendian… Ez dugu bakarrik suarekin erlazionatutako lana egiten, esan bezala, oso anitza baita gure lana. Larrialdi bat dagoenean, txirrinak jotzen duenean, larrialdi horretara laguntzera joaten gara. Bestela, goizero errebisatu beharreko ibilgailuak ditugu. Ibilgailuetan, kamioetan, material piloa dugu. Material hori beti puntu-puntuan egon behar da, ondo aztertuta, denak ondo funtzionatu behar baitu. Horretaz gain maniobrak, entrenamenduak, dauzkagu. Istripuko maniobrak, erreskateko maniobrak, sutekoak ditugu… praktikak dira horiek. Egunerokoa programatuta dugu. Bi orduko prestaketa fisikoa ere badugu egunero. Gu ez gara asko, gaur sei gaude, zorionez, baina normalean bost gara. Lan asko egin behar dugu interbentzio batetan suhiltzaile bakoitzak zeregin asko izaten ditu eta batzuetan pixkat estresantea izaten da. Hau ez da zerbitzu handi bat, hemen dugunerakin aurrera egin behar dugu. 

- Zein da suteak itzaltzeko erabiltzen duzuen ekipamendurik garrantzitsuena?

Suteak itzaltzeko garrantzitsuena ura da. Su mota batzuekin, erretzen ari denaren arabera, ura erabili beharrean bitsa edo aparra behar dugu. Suteak itzaltzeko, noski, kideak oso garrantzitsuak dira. Gure lana taldelana da. Gu familia bat gara eta zenbat eta hobeto moldatu gure artean lana askoz hobeto ateratzen da. Hogeita lau ordu elkarrekin ematen ditugu: elkarrekin goizean sartu, elkarrekin bazkaldu… Suhiltzaile batek bakarrik jai dauka, beti kidea, laguna, ondoan izan behar du! 

- Nola entrenatzen duzue suhiltzaileak izateko?

Suhiltzailea izateko Euskal Herrian dugun aukera azterketa batzuk gainditzea da, oposaketak. Amerikako Estatu Batuetan, adibidez, lanbide heziketa bat da, lau urtetako ikasketak dituzu suhiltzaile izateko. Nire ustez egokiena hori litzateke hemen ere. Gure oposaketetan froga fisiko batzuk eta froga teoriko batzuk jartzen dizkizute. Ni izatez lehendik gorputz heziketako irakaslea nintzen baina betidanik suhiltzaile izan nahi nuen. Entrenatzeari jardun nion, igerian asko, korrika asko, sokak igotzen… Modu horretan prestatu behar ditugu frogak, gure oposaketen eredua horrelakoa delako. 

- Zenbat pisu eraman dezake suhiltzaile batek bere ekipoarekin?

Suhiltzaile batek eraman dezakeen pisurik handiena etxebizitza bateko sute batean da. Goiko solairua erretzen ari bada suhiltzaileak eraman behar du, bere ekipamenduaz gain, mangera batzuk borobilean bilduta eta kamoitik pisuraino doa instalazio guztia egiten. Horren guztiaren pisua berrogeita hamabost kilo dira, gehi suhiltzailearen beraren pisua! Suhiltzaileak pisatzen baditu laurogei kilo, gehi berrogeita hamabost, ehunda hogeita hamabost kiloko pisua dauka suhiltzaile horrek! Horregatik oso garrantzitsua da entrenamendua. Lehendabizi, suhiltzailearentzat berarentzat, ondo egotea oso garrantzitsua da, bestela ez da praktikoa eta esaten badu nekatuta dagoela eta ezin duela lanik egin, suhiltzaile bat gutxiago dago, bost bagara lau egongo dira soilik. 

- Zenbat denbora behar da suhiltzaile ekipoa soinean jartzeko larrialdi bat dagoenean?

Ekipoa jartzeko minutu erdia behar dugu. Minutu bat baino lehenago kamioan gaude guztiok, jantzita eta prest. Guk arropa erdi prestatuta izaten dugu ahalik eta denbora gutxien galtzeko horretan. Txirrinak jotzen duenean norbaitek laguntza behar duelako da, larrialdi bat dagoelako, ezin dugu denbora galdu minutu bakoitza oso inportantea delako. 

- Zenbat sute itzali dituzu zure bizitzan?

Puf! Sute asko, egia esan. Hamazortzi urte daramatzat honetan. Etxebizitzetan, industrian, mendietan, ibilgailuetan... Ehunka sute itzali izan ditut! Guzti hori, segurtasunarekin, noski. Ekipamenduari dagokionez eta distantziari dagokionez.

- Zer egiten duzue suteak itzaltzen ez direnean?

Ez dago beti irauten duen surik, suak itzaltzen dira. Ez badugu itzaltzea lortzen zergaitia aztertu behar dugu. Agian ura botatzen ari gara, erretzen ari dena zer den ez gara konturatu, eta urarekin gaizki gabiltza, bitsa edo aparra, espuma, bota behar dugu. Askotan urarekin sua zabaltzen da, momentu horretan pentsatu behar dugu, berraztertzen dugu egoera eta falta geneukan informazioa bilduta, akatsa topatu ostean, suak itzaltzen dira. 

- Nola komunikatzen zarete elkarrekin larrialdi batean?

Suhiltzaile bakoitzak emisora bat darama. Dotazio burua naizenez hiru eramaten ditut nik: suhiltzaileekin hitz egin behar dut, koordinazio zentroarekin hitz egin behar dut eta guardian dukadan nagusiarekin ere hitz egin behar dut. Soinean hiru emisorak, gehi telefonoa… ia-ia sateliteak mugitzeko boterea daukat egoera horietan! kar kar kar! Eta tartean beti informazioa eskatzen goaz: nora zoazte, nondik zoazte, laguntza behar duzue? Beti emisora bidez komunikatuta gaude. Larrialdi zehatz batzuetan, auto istripuetan adibidez, auto batean norbait laguntzen gaudenean ez dugu emisorarik behar izaten ondoan gaudelako, gainean eramaten dugu baina ez dugu behar elkarren ondoan gaudelako. 

- Nola sentitzen zara arrisku handiko egoera batean?

Normala den bezala, eta nahiz eta hemen urte batzuk daramatzadan, beti duzu sabelean korapilotxo bat. Urduritasun puntu bat dago beti badakizulako zure atzetik ez dela inor etorriko, zuk konpondu behar duzu arazo hori. Baina, egunero egiten dugun entrenamenduarekin eta talde bat garenez, normalean ondo egiten dugu! beti daude hobetzeko gauzak eta norbait laguntzea lortzen duzuenean pozgarria da. Oso gustora gelditzen zara! Urduritasun hori kontrolatu behar duzu, bestela zu bilaka zaitezke arazo gehigarri bat, zuk konpondu behar duzu eta urduritasun hori kontrolatu behar da. Urteen poderioz, esperientziarekin, lasaigo zaude kasu ezberdinak ezagutzen dituzulako, badakizu gutxi gorabehera nola jokatu. Zure buruarengan eta taldearengan konfidantza izanik, eta beti ikasten denez zerbait, dena duzu zure esku. 

- Zer aholku dituzu etxean seguru egoteko?

Zuon etxean sute bat sortzen bada, lehenbailehen, 112ra deitu behar duzue. Zenbaki hori kontrolatu behar dugu! Ez da suteengatik bakarrik, etxean asko lagundu dezakezue horrekin. Etxeko norbaiti zerbait gertatzen bazaio, zorabiatzen bada edo, zuok deitu behar duzue 112ra. Oso garrantzitsua da zuon helbidea ezagutzea, zuon kalea eta zenbakia, abisua emateko. Sute batean aholkuren bat nahi baduzue, zehazki, segun eta zer gelatan hasi den sutea oso garrantzitsua da atea ixtea. Sutea han geratuko da, gela horretan, ez da pasatuko beste geletara eta gehienez-gehienez gela horretan leihoren bat badago beroarekin kristala apurtuko da baina sua han geldituko da. 

- Zein izan da suhiltzaile bezala izan duzun esperientziarik zirraragarriena edo desafiatzaileena?

Egoera asko izan dira bizi izan ditudanak... Behin izan genuen sute bat, orain dela urte dezente, Lapurdi kalean, Ugarten. Eszena pelikuletakoa bezalakoa izan zen. Iritsi eta pertsona bat leihoan zegoen laguntza eske, garraxika. Sua leihotik ateratzen zen eta esaten zuen beste neska bat barruan zegoela. Ahalik eta azkarren autoeskailera prest jarri, klaro, pertsona hori laguntza garraxika eskatzen zegoelako. Eskilera berarengana zuzendu, leihotik atera, pixkat urrundu ginen eta, bumba! Leherketa modukoa egon zen, sua kanpora atera zen, baina dagoeneko kanpoan geneukan pertsona. Hurrengo erronka neska topatzea izan zen. Etxe barruan sartu eta ez genuen topatzen, zorionez, abisatu ziguten balkoiaren alde batetik beste balkoi batera salto egin zuela eta bere burua salbatu zuela. Azkeneko erronka, sua leihotik ateratzen zegoenez, goiko pisura igo zen eta han beste bi pertsona zeuden laguntza eske. Presaka haiek ere eskailerarkein atera genituen eta, amaitu genuenean, puf! Eskerrak ondo atera zela dena, benetan ziragarria izan zen. 

- Zenbat animalia salbatu dituzu?

Katuak edo txakurrak salbatzeko ere deitzen digute askotan. Behin, Urduñan, putre bat etxebizitza baten balkoitik sartu eta ezin zen atera! Beste batzuetan, zauritutako animaliak ikusten baditugu, elkarte batekin elkarlanean aritzen  hauek osatzen laguntzeko. Oso sentsazio ona uzten dizu horrek. 

- Nire aitak liztor asiarrak hil ditu etxean. Zenbat liztor asiar habi kendu dituzue Laudion? Arriskutsuak dira?

Liztor asiarra orain dela zortzi edo bederatzi urte sartuko zen Araban. Gaur egun habi piloa kentzen ditugu! Irailean Ikastolan ere egon nintzen , lankide batzuekin, bertan zenuten habia kentzen! Gutxitzen ari dela ematen du tranpak jartzen direlako neguan, udaberrian erreginak gutxitzeko. Halere, propaganda oso txarra egin zaie, liztor arrunta da, tamainaz handiagoa baina hemen dugu beste liztor bat bertokoa, vespa crabro, oso lasaia dena eta asiarra baina handiagoa dena oraindik. Jendeak asko nahasten ditu. Bertokoek ere erleak jaten dituzte, baina oreka bat dago.

 

Joseba, mila esker!

 

 

Irudia
Irudia