2024.01.30- Pasa den astean alkatetzan izan ziren Ainize Gastaka Martinez alkate eta Ikastolako ikasle ohiarekin berriketan.
- Zer egiten du alkate batek bere lanean?
Galderak ez dauka erantzun erraz bat. Funtzioak anitzak dira, gauza asko egiten ditugu Laudio oso handia delako. Gai ezberdinak jorratu behar ditugu eta, azken finean, erabakiak hartu. Horretaz gain, funtzio oso garrantzitsu bat daukat, badakizue zein den? Jendearekin hitz egin, alkatea baita udal zerbitzuaren atea.
- Zer da alkate izatetik gustukoen duzuna?
Badira gustuko ditudan gauza asko; jende piloa ezagutzen dudala eta errealitate oso ezberdinak ezagutzen ditudala. Alkatetzak aukera ematen dit jende piloarekin hitz egiteko.
- Nola bihurtu zinen alkate? Nork erabaki zuen?
Alkatea eta zinegotziak herriak aukeratzen ditu. Herritar guztiok, herri guztian zehar, erabakitzen dugu guztion artean nortzuk egongo diren erabaki horiek hartzen.
- Laudion herritik gabonetako argi oso politak jartzen dira. Zergaitik Arrañon ez da argirik jartzen? Zergatik beste leku batzuetan daude eta beste batzuetan ez?
Gabonetako argiak jarri nahi izan ditugu ahal den leku gehinetan baina guzti-guztietan ezin dugu diru kontuengatik. Gastatu ahalko genuke argietan diru guztia baina gero ez genuke izango beste gauzetarako. Galdera bat, eman zenuen izena argiak pizteko? Aurten izena eman zuten umeen artean egin genuen zozketa argi guztiak pizteko. Plazan botoi bat jarri genuen eta, plas!, herriko gabonetako argi guztiak ume batek piztu zituen.
- Zeintzuk dira gure herriko arazorik potoloenak eta nola konpondu nahi dituzu?
Badira arazoak, egia da. Gure arazorik esanguratsuenak, eta benetan konpondu behar ditugunak, etxebizitza, lana eta elkarbizitza dira. Zer behar dugu guztiok? Non bizi, non lan egin gure familia zaindu ahal izateko eta gure artean ondo egotea. Saiatu behar gara guztion artean arazoak konpontzen.
- Osasun zentroko manifestaldietara joan naiz eta oso triste gaude guztiak. Zergatik ez dago larrieldietarako medikurik Laudion? Zer egin dezakegu berriro egoteko?
Oso ondo dago guztioi eragiten digun arazo batetaz kezkatzea, eta osasunak gu guztiok kezkatzea normala da. Guztiok merezi dugu osasun zerbitzu duin bat izatea. Zerbitzuak ikertzen dituzue zuek “Herria Ezagutzen” taldean eta kasu honetan bada murriztu zaigun zerbitzu bat, orain arte genuena eta murriztu zaiguna. Herrian oso kezkatuta gaude, ni ere manifestaldietan egon naiz oso garrantzitsua delako. Osakidetzaren ardura ez dago herrian, maila handiago batean dago, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokiona, Eusko Jaurlaritza deitzen dioguna. Hango ardunadunarekin hitzordua dugu gure kezkak adierazteko eta berak azalpenak emateko eta, bereziki, gure zerbitzu honen etorkizunaz hitz egin ahal izateko.
- Nola hartzen dituzu erabaki garrantzitsuak herriarentzat?
Guztion artean hartzen ditugu erabakiak. Orain, hemen ni bakarrik ikusten nauzue baina ni ez nago bakarrik. Alkatea eta zinegotziak gaude. Laguntzaileak ditut eta akordioetara heltzen naiz, taldearen burua edo irudia ni naiz baina gero erabakiak guztion artean hartzen ditugu. Guztiok egon behar gara eroso erabakiekin eta benetan guztiok sinesten badugu horretan orduan egiten dugu.
- Latiorron antzokia eraikitzen ari dela ikusi dugu. Anbulategi berria ere han egingo dutela entzun dugu. Abastos plaza ere itxuraz aldatuko dela irakurri dugu. Zer beste proiektu interesgarri daude aurreikusita etorkizunerako gure herrian?
Oso ondo informatuta zaudete, oso ondo! Antzokia eraikitzen gaude, egia da. Anbulategia txiki geratu da eta berria Latiorron eraikiko da, hori ere Eusko Jaurlaritzak aurrera darama. Abastos plazarekin laster hasiko gara baina beste obra bat hasiko da baita, San Roke egoitzarena. Gauza bi oso interesgarri gertatzen dira eraikuntza horrekin. Egingo dugun eraikuntza ahalik eta kontsumorik baxuena izango duen eraikuntza izango da. Bestetik, beste gauza oso interesgarria, guztion artean erabakiko dugu zertarako erabiliko dugun etxe hori, oso etxe polita eta leku oso interesgarrian baitago. Hasi beharko gara pentsatzen zer behar dauden Laudion eta zertarako erabiliko dugun eraikina! Niri ideia ezberdinak okurritzen zaizkit, behar batzuk ikusten baititut herrian. Asko gustatuko litzaidake honetan egotea, adibidez, Euskararen Etxea, euskaraz ikasteko, etab. Beste espazio bat asko gustatuko lizaidakeena Emakumeen Etxea da. Hau konpatiblea izan daiteke auzoek espazio bat izateko, Arraño edo Landaluzerentzat.
- Nola lagundu dezakegu haurrok gure herria hobetzen?
Nire ustez garrantzitsua da partehartzaileak izatea, pentsatzea eta interesa dugun guzti horretan parte hartzea. Asko galdetu behar da eta hitz egin. Guztion artean partehartzeko, egiteko edo sortzeko prest bagaude ziur gauza oso politak eskainiko dizkiogula herriari. Saltseroak izan behar gara nahi dugun horretan, gustatzen zaigun horretan.
- Zer gustatzen zaizu gehien gure herrian bizitzetik?
Gauza asko eta oso arruntak. Nire semeekin plazara ateratzea edo Gardeatik paseatzea gustatzen zait. Terrazaren batean eguzkitan lagunekin zerbait hartzea ere oso gustuko dut. Herrian gustura egotea, azken finean.
- Nola ziurtatzen duzu Laudioko gobernuak komunitatearen edo herriko kezkak entzuten dituela?
Ez bagaude herriak dituen beharrie erantzuten gaizki egiten gaude, argi dago, ezta? Horretarako asko hitz egin, komunikatu, eta asko entzun behar dugu. Herri mailan auzo batzarrak ditugu edo, zuek egin duzuen bezala, nirekin internetez kontaktatu daiteke, adibidez. Hilabetero Laudioko irratira noa ere galderak erantzutera.
- Ba al duzu aholkurik etorkizunean liderrak izan nahi duten umeentzat?
Aholkurik garrantzitsuena, errespetua izatea da. Beti errespetuz hitz egin behar da eta gainontzeko pertsonak errespetatu behar dira. Liderra ez da besteak baino gehiago izatea. Bestetik, pentsatu behar da, asko pentsatu eta benetan sinestu norberak egiten duen horretan. Egunerokoan egiten dugun horretan sinestu behar dugu eta ausartak izan, pausu bat aurrera eman. Benetan sinesten baduzu eta hori baldin bada nahi duzuna, ausartu. Baita ere okertzen garela ulertzea eta onartzea. Ez zara lider txarragoa gaizki egin duzula onartzean.
- Alkateek aginte makila dute. Zertarako da makila? Ikusi ahal dugu?
Euskal Herri mailan ematen den ohitura bat da. Gaur egun, gure egunerokoan, makila bulegoan dago gordeta, besterik gabe. Lehen makil horrek adierazten zuen nork zuen agintea, boterea zeukanak makila zeraman. Makil bat baino gehiago dago, eta jarraian erakutsiko dizkizuet. Onartu behar dut niretzat ez direla oso politak eta erdi izkutatuta ditudala bulegoan, kar kar! Geratzen zaizkigun aginte makilak alkatearen laguntzailearenak dira, alkatearena noizbait galdu izan zen, auskalo zer gertatu zen berarekin! Lantzak ere ditugu hemen.
Eskerrik asko Ainize, plazera izan da. Mila esker gurekin egoteagatik!