Pasar al contenido principal

Jolastokia eta haurren jolas askea

2024.01.27.- Pasa den ostegunean, urtarrilaren 25ean, Txusma Azkonak, Haur Hezkuntza lizentziatua eta Lizarrako Plisti Plasta egitasmoko zuzendari hezitzaileak, herrietan, hezkuntza zentroetan... dauden jolastokiez hausnartzeko zenbait ideia plazaratu zituen.

Nolakoak dira haurren jolas guneak? Nolakoak izan beharko lirateke? 

Heike Freireren "Educar en Verde" liburua eta Txatxilipurdik euskaratutako "Berdean hezi, haurrak naturara hurbiltzeko ideiak" liburua baliatu zuen hitzaldiari hasiera emateko. 

"Zenbatetan igo zarete zuhaitzetara?" galdera bota zuen. Azken hamarkadan, 8-10 urtetako haurrek zuhaitzetan igotzeko gero eta aukera gutxiago dituzte, herriguneetan zuhaitz gutxiago egoteaz gain, gurasoek euren seme-alabei uzten ez dietelako.

Baimen ukatzeek (Kontuz, hobe igotzen ez bazara, min har dezakezu) eta gero eta ohikoagoak diren debekuek (baloiarekin jolastea debekatuta, adib) haurrarengan konfidantza adierazten dute?

Jolasten duen haur baten seriotasunarekin lan egiten dut  - Jean Nouvel, arkitektoa eta disenatzailea.

Orain arteko jolas eremuak nolakoak izan dira? Partxis koloredun jolasteko elementuak erdigunean, perimetroan kontrolerako eserlekuak eta kasu batzuetan, bankuen atzean naturak eskaintzen duen eremua. Eta hauek dira hain zuzen ere, baliatu beharko genituzkeen guneak. Natura defizit izugarria dago, jolas parkeek hartutako espazioak bernaturalizatzeko eta berreskuratzeko urratsak eman behar dira, beti ere umeen iritzia kontuan hartuta, hau da, modu parte hartzailean. 

Eredu ezberdinetako parkeen argazkiak ikustea nahikoa izan da ondorio argi bat ateratzeko; jolasak beti du lekua.

Umeek autonomia garatzeko moduko parkeak edo jolas guneak diseinatu behar dira. Gauza ezberdinak dira haurren nahiak eta haurren beharrak. Jolas eremuak diseinatzean, haurren beharrak hartu behar dira kontuan eta hauek asetzeko ahalegina egin behar da.

Bestelako aipamen batzuk ere egin zituen, hala nola, Munduko Osasun Erakundeak haurrek, eguraldia oztopo izan gabe, egunean gutxienez 2 ordu térdi eman beharko lituzketela naturan edota aire librean.

Ez dago eguraldi txarrik, baizik eta arropa desegokia. Segi gozatzera!

 

 

Irudia
Irudia
Irudia