LAUDIOTIK SAHARARA
Elkartasuna oinarri
Ez da elkartasun ekimen hau egiten den lehendabiziko aldia. Laudio Ikastolak 2010.hamarkadan ekin zion egitasmoari eta kanpo faktore batzuen ondorioz egondako geldialdi luze baten ostean, 2022-2023 ikasturtean, berriz ere heldu zion proiektuari, “ikaSahara” proiektua, hain zuzen ere. Laudio Ikastolak azken 3 urteotan errefuxiatuen kanpamentuetara 2023ko apirilean, 2024ko abenduan eta orain, 2025eko abenduan, joateko aukera izan du. Zehazki Laudio udalerria senidetuta dagoen Aaiungo Bucra herrira.
IkaSahara proiektua bidaia baino gehiago da. Ez da astebeteko bidaia edo bizipenera mugatzen, ezta soilik batxilergora ere. Laudio Ikastolak urteak daramatza saharar herria laguntzeko dinamikak antolatzen edota hauetan parte hartzen, Saharar herriaren egoeraren berri eman eta euren egoeraren zabalkundean eragiten. Elkartasuna, elkarlana, partaidetza, lankidetza, errespetua, ezagutza, inplikazioa, aniztasuna… horiek ere badira Laudio Ikastolan lantzen diren balioetako batzuk eta proiektu honek denak barne biltzen ditu. Proiektua, funtsean, herrialde batera elkartasun bidaia egitea da, eta, lankidetza-proiektu baten bidez laguntza jaso edota eskaini ahal izatea. Kultura ezberdinen arteko lankidetza proiektua da, solidarioa eta hezitzailea.
Kooperazioa bide
IkaSahara proiektua, gainera, handitzen ari den elkartasun bihotza da. Gero eta taupada gehiago egiten dituena. Ikastolako komunitatea osatzen duten pertsonen taupadak dira. Elkartasun karabanaren garaian elikagai bilketa egin denean, medikamentuak, nagusientzako pardelak edo eskola materiala eskatu denean, azokak edo diru bilketak antolatu direnean… erantzun konprometitua eta kolosala eman duen komunitatea.
Komunitatearen portzentairik altuena ikasleriak osatzen du. Eta hauek dira, hain zuen ere, ikaSahara ekimenaren birikia edo bultzada, saharar herriaren enbaxadore.
Lehen hezkuntza
Lehen Hezkuntzan, 6.mailan EKIren bidez lantzen den elkartasun proiektuari beste dimentsio bat emanez, pasa den ikasturtean buru belarri aritu ziren eta ikasturte honetan ere ildo horretatik jarraitzeko asmoa dute. Iaz, Bucraa herriko [Madrasa Logroño eskola] laguntzeko eskola material bilketa egiteaz gain, maila horretako ikaslee gaztelera ikasteko liburuxkak prestatu eta bidali zituzten. Horretarako, bertara aurretik (2024ko abenduan) bidaiatutako ikastaldearekin zein bertako irakasle eta zuzendariarekin elkarlana eta aurreprestaketa topaketak burutu zituzten.
Bigarren Hezkuntza
Bigarren Hezkuntzan ere, Proiektu Komunitarioak arloaren bitartez, bilketak eta bestelako ekarpenak egin izan dira eta ikasleak arduratu dira horren kudeaketaz. Bide honetan proiektua handitzeko pausuak ematen dabiltza, IkaSahara proiektuari ekimen ezberdinak lotzeko.
Batxilergoa
Eta bukatzeko, batxilergoko 2.mailan kooperazio bidaia. Orbaina uzten duen bizipena. Aste bat saharar familiekin bizitzen, bertako errealitatea lehen eskutik ezagutzen, bertako azpiegitura ezberdinak (Udaletxeko aretoa, nagusien eguneko egoitza… ) hobetzen edo margotzen, eskolako liburutegia liburuz eta eskola materialez hornitzen, botikara medikamentuak eramanez, Rabuniko ospitalea bisitatzen, “Erresistentziaren museo nazionalean” egindako bisitari esker saharar herriaren historia ezagutzen, eskola ezberdinak ikusten… . Elkartasunaren adierazpiderik ikusgarriena.
Esperientzia ahaztezina, zalantza gabe.
IKASLEEN AHOTIK
"Bertakoen eskuzabaltasuna mugagabea da"
1. Nola ikusi duzu saharar gazteen egoera?
Nire ustez saharar gazteen egoera ez da bat ere ona, haiek ez dute guk dugunaren erdia eta haiek dutenarekin pozik bizi dira, beti irrifartsu. Gazteen egoera hobeagoa izan beharko litzateke haien bizi-kalitatea hobetzeko.
2. Nola definituko zenuke, 3 hitzetan, egindako elkartasun bidaia kooperatiboa?
Hunkigarria, zoragarria eta ikaspena.
3. Zer izan da arreta gehien deitu dizuna?
Azkenean, nire ustez, arreta gehien deitzen dizuna Saharan sartzerako momentuan eta are gehiago gu egon garen herrian, Bucraa-n, haien bizimodu eskasa da. Gurekin alderatuta ez dute ezer ez, eta haien bihotz ona eta eskuzabaltasun mugagabearekin familia bezala tratatu gaituzte haien etxeetan sartu ginen momentutik.
4. Zein da bidaia honetatik ekartzen duzun ikaspena?
Bidai honetatik ikasi dudana ondorengoa izan da: ditugun gauzak gehiago baloratzea, gure baliabideak partekatzea, jendeari laguntzea eta pertsonekiko aurreiritziak ez eukitzea, beraiek ezer izan harren familiakoak bezala tratatu gaituztelako.
"Gauzak ikusteko eta baloratzeko modua aldatu zaigu."
Laiak, "Mundu Bat" gobernuz kanpoko erakundearekin batera, gazteen egoera ezagutzeko aukera izan du. Horretarako saharar errefuxiatuen kanpamentuetako wilaya ezberdinetako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak bisitatu ditu.
1. Nola ikusi duzu saharar gazteen egoera?
Bertara joan aurretik banekien bertako gazteen egoerak ez zuela gurearekin zerikusirik izango, baina behin errealitatea ikusita, harritzekoa da. Haiek gutxirekin zoriontsu dira, eta horregatik asko miresten ditut. Egindako bisitetako batean, aipatu zuten, nola batzuetan zoriontsuak direla dioten baina benetan horrela ez dela; datu horiek hunkitu egiten zaituzte.
Bertan haiekin bizi izan ditugun egoera desberdin askotaz konturatu garela uste dut, eta horrekin batera gure gauzak ikusteko modua ere aldatu dela esango nuke. Asko pozen naiz bertara joan izanez, Mundu Batekoen proiektuan parte hartu izanez eta bertako errealitateak zein gazteria ezagutu izanaz.