Pasar al contenido principal

Ikastola euskararen arnasgune

Irudia
Euskararen arnasgunea

Familiek euskararen transmisioari eta erabilpenaren sustapenari bultzada emateko dinamika abiatu dugu Laudio Ikastolan.

Bideo sorta bat ekoiztu dugu familiek Ikastolako komunitatean euskararen erabilpenean konpromisoak hartzen motiba daitezen.

 

HEMEN IKUSI

Ekimenean aritutako Jone Cormenzana, Beñat Mendiguren eta Aiara Murgari Ikastola euskararen arnasgune bezala indartzeko egitasmoez galdetu diegu.

    3   GALDERATAN*        

*ezagutu ikastolakideak  gustuko duten horretan

 

Zein da ekimenaren helburua?


Irudia

"Helburua gurasoen artean hausnarketa piztu eta euskararen erabilera bultzatzea da."

Jone Cormenzana Aranzabal, irakaslea.


 

Ekimenaren helburua batez ere gurasoen artean hausnarketa piztu eta euskararen erabilera bultzatzea da. Ikastola euskararen arnasgune den heinean, euskaraz dakigunok euskaraz egin behar dugu eta gutxiago edo ez dakigunok, apurka eta bakoitza bere mailan, horretara animatu behar gara. Umeek gure artean erdaraz ari garela ikusiz gero, nola sortu nahiko dituzte haien arteko harremanak euskaraz? Izan zaitez eredu, bihurtu euskaren erreferente.

Zer egin dezakete familiek egunerokoan ekimenarekin bat egiteko?


Irudia

"Euskaraz hobeto edo txarrago egin, gure artean komunikatzeko konplexurik gabe erabiltzea da gakoa"

Beñat Mendiguren Cosgaya, gurasoa.


Familion eta norbanakoon konpromisoa ezinbestekoa da. Euskaraz hobeto edo txarrago egin, gure artean komunikatzeko konplexurik gabe erabiltzea da gakoa. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta errazago eta naturalago erabiliko dugu. Seme-alaben eredu gara, eta eurei ezezik, gurasoon artean ere egitea ezinbestekoa da.

Ulertu arren, ez garela gauza batzuk euskaraz erantzuteko gai? Gainerako gurasoei guri euskaraz hitz egiteko esan diezaiekegu eta geuk gazteleraz batzutan egin arren, euskaraz jarrai dezatela eskatu.

Eta euskaraz ia ezer ez badakigu, gure seme-alabak edo beste gurasoak agurtzerakoan edo harrera egiterakoan, euskarazko esaldi sinbolikoak erabilita (“gero arte, oso ondo pasatu laztana”, “Egun on, zelan, dena ondo?”), giro euskalduna sortzen lagun dezakegu.

Helburu nagusia da norbanakook eta familiok hartzen ditugun konpromisoak publiko egitea, Laudio ikastolan elkarri euskaraz egin diezaiogun. Beraz, har dezagun gurea eta ingurukoei jakinarazi. Izan gaitezen eredu!

Segida emango diozue? Zelan lagundu daiteke? 


Irudia

"Hurrengo urratsean, Haur Hezkuntzako patioan euskaraz bizi edo horretan ahalegina egin nahi duten familiak identifikatu nahi ditugu."

Aiara Murga Egia, gurasoa



Bai, kanpainari jarraipena emateko asmoa dugu. Hurrengo urratsean, Haur Hezkuntzako patioan euskaraz bizi edo horretan ahalegina egin nahi duten familiak identifikatu nahi ditugu, goizeko eta arratsaldeko uneetan familien arteko giroa gero eta euskaldunagoa izan dadin.
Horrez gain, Ikastola euskararen arnasgune dela adierazteko kartelak jarriko ditugu; egunero euskaraz bizitzeko gune eta aukera ugari eskaintzen dituela azpimarratzeko.