Pasar al contenido principal

"Laudio ezagutzen" taldea sortu da

 

2023.10.23.- “HERRIA EZAGUTZEN” taldea osatu dute Laudio Ikastolako zenbait ikaslek.  Haien helburua herriko zerbitzuak ezagutzea da. Haiek ezagutu eta Ikastolako Hezkuntza komunitatea osatzen dugun gainontzekoei ezagutarazteko ardura hartu dute. Bisitatu duten lehendabiziko azpiegitura Granja kiroldegia izan da.

Pasa den astean Laudioko Lamuza-Granja kiroldegian informazioa jaso zuten bertako arduradunari galderak eginez. Hemen ikerketaren berri jasoko duzue!

- Kiroldegia zein urtetan eraiki zen?

Orain dela hogeita hamairu urte eraiki zela uste dut, edo data hortik hurbil izango da. Ez dakit zehazki noiz izan zen.

- Zer kirol egin daitezke kiroldegi honetan?

Kirol asko egiten dira kiroldegian. Batetik, kirol taldeak ditugu hemen, adibidez, Sugarrak saskibaloi taldean aritzen dira. BC Laudio taldea eskubaloian aritzen da. Patinak Eere ditugu, patinatzea eta patinatze artistiko egiten da hemen. Bestetik, Usoa areto futbol taldea dugu. Busikan arte martzial taldea ere gurekin egoten da. Horrela, ezin ahaztu taekwondoa. Eta igeriketa, noski! Denetarik egiten da, talde kirolak eta kirol indibidualagoak ere.

- Kiroldegi honetan patinatzen da? Noizbait izotzezko pista izan duzue?

Bai, aurreko galderan esan dizuedan bezala, Lautxirrinka taldea dugu. Lautxirrinka Laudioko patinatze kluba da. Izotz pista, aldiz, ez dugu inoiz izan. Aretoa dugu prestatuta bertan lau gurpildun patinekin ibiltzeko, linekoak ez ditugu hemen erabiltzen. 

- Zein da hemen egin daitekeen kiroletatik zure gogokoena?

Nire kirolik gogokoena futbola da. Betidanik futbolean aritu naiz, ni atezaina nintzen. Baina hemen futbol aretoa egiten da, ez daukagu futbol zelairik. Hemengo zelaia futbolekoa baino txikiagoa da.

- Zein kirol talde aritzen da hemen normalean?

Galdera honi lehenago erantzuna eman diot. Izenak esan dizkizuet aurretik baina errepikatuko ditut: Sugarrak, BC Laudio, Lautxirrinka, Busikan, Taekwondo eta Igeriketa Laudio. Talde piloa!

- Zer portaera arau jarraitu behar ditugu hemen?

Inolaz ere ezin da mugikorrarekin grabaziorik egin, are gutxiago baimenik gabe pertsonak grabatzeko. Bestalde, gauzak ezin dira apurtu, txikizioak ez ditugu onartzen. Guztion materiala da eta guztion artean zaindu behar dugu. Beste portaera arau bat, oso ohikoa edonon, gure artean ezin garela borrokatu. Soilik Taekwondo edo Busikanen eta arau batzuekin borroka gaitezke, kar kar! Hona ondo pasatzera dator jendea, partida bat irabazi edo partida bat galdu dezakegu, baina ezin gara haserretu!

- Zeintzuk dira kiroldegiko instalaziorik ezagunenak?

Famatuena areto futboleko zelaia da. Berria da eta inguruko herrietatik etortzen dira jolastera hona, Amurriotik adibidez. Saskibaloiko kantxak ere oso handiak dira eta urtean zehar ekintza eta ekitaldi asko antolatzen ditugu bertan. Modu berean, Ellakuriko igerikuak, udako igerilekuak, ospetsuak dira eta arrakasta handia dute.

- Ba al dago umeentzako kirol klaserik hemen?

Kirol klaserik ez dago. Umeentzako crossfit pista batzuk antolatu genituen orain dela bi urte baina ez zen atera. Ez zen inor apuntatu…

- Zein da kiroldegi honetan izan den jarduerarik edo ekitaldirik arrakastatsuena?

Urtero antolatzen dugu Euskadiko saskibaloi txapelketa baina, zehazki pasa den asteburuan, Espainiako karate txapelketa hemen ospatu zen. Espainiako karateka onenak Laudiora etorri ziren! Ekitaldiko antolaketan soilik ia bi mila pertsonek parte hartu dute eta Laudiora etorri dira. Teledeportek telebistan igorri du. Oso arrakastatsua izan da ekitaldia!

- Nola har dezaket parte hemengo jardueretan?

Klub ezberdinekin hitz egitea errazena da. Saskibaloian aritu nahi izanez gero Sugarrak taldearekin kontaktatu adibidez. Guk talde guztiekin erlazioa dugu, kontakturen bat behar izanez gero guri galdetu ahal diguzue.

- Mila esker guztiagatik!

- Zuei agertutako interesegatik. Laster arte!