Pasar al contenido principal

Eskolaz kanpoko ekintzak martxan

Eskolaz kanpoko ekintzen eskaintza zabala egin du ikasturte honetan Laudio Ikastolak

Eskolaz kanpoko ekintzen koordinatzaile lanetan Amets Meatza Castañares ari bada ere, talde lanean ari da, EKE batzordeko gainontzeko kideekin batera.

Ikasturte honetarako prestatutako eskaintza osatzeko zer hartu duzue kontuan?

Aurreko bi ikasturteetan, pandemiaz geroztik, eskolaz kanpoko ekintzen proposamenari bultzada eman behar izan diogu. Horretarako, ikastolako familia zein ikasleei galdetegi ezberdinak pasatu izan zaizkie, euren ekarpenak egiteko. Jasotako proposamenez gain, aurreko urteotako eskaintzaren balorazioa ere izaten da abiapuntu nagusia.

Zer eskaini duzue aurten?

Aurten, iaz bezala, eskaintza 3 bloke nagusitan sailkatu dugu: arte eskola, eskola kirola eta kultura eskola, guztira 13 ekintza eskainiz.

Ekintza guzti horietatik 9k aurrera egin dute eta aste honetan bertan hasi dira. Beste lau jardueretan ez da izen emate nahikorik egon.

Proposatu diren ekintzen artean badira berriak izan direnak, eta badira, zenbait urteren ostean, berreskuratu direnak. Pozgarria da Ikastolan horren errotuta egon den dantza taldea edo eskupilota bezalako jarduerak berriz martxan ikustea.

Zer dago martxan?

3 urtetik DBH 3.mailara arteko ehun ikasletik gora animatu dira aurtengo ekintzetan parte hartzera. Espero zena baino handiagoa izan da izen-ematea.

Egondako erantzun zabala dela-eta, hau da martxan dagoena:

-Astelehenetan LH1etik gorakoentzat euskal dantzak (oraindik izena eman daiteke) eta tenisa (parte hartu nahi izanez gero, oraindik aukera dago), Laudioko tenis elkartearekin elkarlanean.

-Astearteetan xakea.

-Asteazkenetan trikitixa, panderoa, yoga eta kirol anitza.

-Ostegunetan Herriaren Pilota elkartea bidelagun eskupilota (izena emateko aukera dago), ipuin kontalaritza haur hezkuntzako ikasleentzat eta patinajea.

Zer da edo zer egiten du EKE batzordeak?

Urterik urte hobetu nahian ari gara, bidea eta taldea handitzen. Une honetan, koordinatzailearekin,  5 kidez dago osatuta batzordea; taldeko beteranoena Nagore Cuartango Lopez, bidean batu diren Monika Zalabarria Calzada eta  Aritz Lili Lecanda eta ikasturte honetan elkartu den Iratxe Pujana Barquin.  EKE batzordea ez da ikasturte hasieran martxan jartzen diren ohiko jarduera hauetara soilik mugatzen. Badira bestelako egitasmo batzuk ere: Gau beltza, negulekuak, danborrada, udaberrilekuak, aratusteak, udalekuak, hitzaldiak eta formakuntza saioak… eta bidean sor daitezkeenak, noski.

Zeintzuk dira ekintza horiek martxan jartzearen helburu nagusiak?

Aisialdian burutzen diren jarduerek haurraren garapenean eta heziketan eragin handia dutelako, garrantzitsua da eskolako ordutegitik kanpo ere ikastolako baloreek jarraipena izatea eta hauek landu ahal izatea; bizikidetza, lankidetza, autonomia, talde-lana, aniztasuna, erantzukizuna, errespetua, hezkidetza… eta zelan ez, euskara.

Euskarak aisialdian ere presentzia izan behar du. Eremu hauek euskararentzat arnasguneak izan behar dira, etorkizuneko komunikazio ohituren oinarria. Euskara hezkuntza formaletik hezkuntza ez-formalera, aisialdira, pasatzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Euskararen erabileran sakontzeko bide eta aukera ezberdinak sustatu behar ditugu.

 

Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia