Pasar al contenido principal

Udako eskaintza

Irudia
udaleku ibiltariak

UDARI ONGI ETORRIA ABENTURAN MUGILDUTA

 

Laudio Ikastolako EKE batzordeak proposamen ezberdinak prestatu zituen ekaineko azken asterako, gure haur eta gaztetxoek uda modu ahaztezin batean hasteko aukera izan zezaten. Jatorrian lau proposamen genituen arren, bi dira aurten aurrera atera direnak, gogo eta ilusioz beteta: udaleku ibiltariak kostaldean eta udaleku itxiak Zuhatzan. Biak ala biak, lagun berriak egiteko, esperientzia berriak bizitzeko eta euskaraz gozatzeko parada ezin hobea eskainiz.

Gure udalekuen helburu nagusia parte-hartzaileek primeran pasatzea da, baina horretaz gain, hainbat balio eta trebetasun garatzea ere bilatzen dugu:

  • Adiskidetasuna eta Elkarbizitza: Talde-lanaren eta elkarbizitzaren garrantziaz jabetzeko ingurune paregabea da. Momentu dibertigarriak partekatuz, lagun berriak egingo dituzte eta dagoeneko dituzten harremanak sendotuko dituzte. Elkarrekin biziko dituzten abenturek bizitza osorako oroitzapenak sortzen lagunduko diete.
  • Euskara Bizia: Euskara ez da soilik ikasgaia guretzat; bizitzeko eta sentitzeko modua ere bada. Udalekuetan, euskara modu naturalean eta ludikoan erabiltzeko aukera izan dute, jolasen, abestien eta eguneroko komunikazioaren bidez. Horrela, hizkuntzarekiko atxikimendua indartuko dute eta konfiantzaz erabiltzeko aukera dute edozein egoeratan.
  • Udari Ongi Etorria: Eskola bukaeraren eta uda hasieraren arteko trantsizio gozoa eskaintzen dugu. Udalekuak udako erritmo lasaiagoan murgiltzeko eta oporraldiari hasiera ezin hobea emateko modu ezin hobea dira, zeregin akademikoetatik deskonektatu eta abentura eta jolasera bideratuta.
  • Autonomia eta Garapen Pertsonala: Proposamen bakoitzak, bere ezaugarriekin, haurren eta gazteen autonomia bultzatzen du, erabakiak hartzen eta erronka berriei aurre egiten lagunduz, beti ere begiraleen laguntza eta babesarekin.

 

Bi Aukera:

 

  • Udaleku Ibiltariak Kostaldean: DBH 4.mailako ikasleek euskal kostaldeko altxorrak ezagutzeko aukera paregabea izan dute. Hondartzak, herri arrantzaleak eta itsasoko jarduerak uztartuz, ibilbide ahaztezin bat egin dute, taldean abenturak biziz eta gure geografiaren edertasunaz gozatuz.

    ARGAZKIAK 

  • Udaleku Itxiak Zuhatzan: Zuhatzako uharteko giro paregabean murgildu dira. Bertan, ur ekintzak (piragua, windsurf, etab.), jolasak eta naturarekin harremanetan egoteko aukera izan dute, guzti hau ingurune seguru eta kontrolatu batean.

    ARGAZKIAK