Araba Euskaraz 2021 iragartzeko ekimena

Laudio Ikastolak Araba Euskaraz 2021 jaiaren hastapen ekimena burutuko du abuztuaren 29an.

Laudio Ikastolak hartuko du 2021 urtean Araba Euskaraz jaia antolatzeko arduraren lekukoa. Laudion ospatutako aurreko jaialdian bezala, 2011n, jaiaren abiapuntua herriko jaiekin lotzeko ekimena prestatu du Laudio Ikastolak, oraingoan, bizi dugun pandemiak eragindako osasun larrialdira erabat egokituta jakina.

Hitzordua abuztuaren 29an, laudioarrok odoloste eguna aurten ospatuko ez dugun larunbatean, kokatu du Laudio Ikastolak, kanpainaren abiapuntua irudikatuko duten kamisetak egun horretan janzteko deia luzatuz. Kamisetek Araba Euskaraz 2021erako aukeratutako leloa “Zabal bideak” eta logoa uztartuko dituzte.

Erakunde eta agintariek luzatutako gomendio eta arauei jarriki, ez da ospakizunik burutuko eta ekimenak ez du jairako gonbitik luzatuko. Helburua izango da 2021 urtean Araba Euskaraz kanpaina eta jaia Laudion kokatuko direla iragartzea, bizi dugun osasun larrialdira egokituta, baina euskara, kultura euskalduna eta ekimen herritarren sostengua osasun larrialdian ere uztartzerik badagoela aldarrikatuz.

Kamisetak abuztuaren 27 eta 28an salgai izango dituzte Laudioko Aldai Plazan burutuko diren baserritarren azokatan, 10:00etatik 13:30era eta larunbatean, odoloste egunean bertan, Basalarrina elkartean 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara. 3 urtetik aurrerako haur eta helduentzako ereduak izango dira salgai 10 eurotan.