Sexu heziketa integrala

2024.02.06.- Lehen Hezkuntzako 6.mailako ikasleek sexu heziketa saioak izango dituzte, baina lehenago,  ikasleen gurasoekin bilera informatiboa egin da. Bertan programaren nondik norakoak azaldu eta zalantzak zein kezkak argitzeko aukera izan dute.

Saio hauek Laudio Udalarekin elkarlanean jorratuko badira ere, Diana Ibargutxi Abarrategi laudioarrak bideratuko ditu; psikologian lizentziatua, Haur Hezkuntzako magisteritzan graduatua, sexologian masterra eta berdintasunean aditua.

Zergatik sexu heziketa?

Sexualitatea danon ezaugarria da, danok gara sexudunak. Sexualitatea jaiotzen garenetik hiltzen garen arte daukagu, gorputz batekin jaiotzen gara, eta sexualitateak GARENArekin dauka zerikusia, modu bakar eta errepikaezinean.

Hortaz, giza-dimentsio honetan heziketa behar dugu. "Sexualitatea" hitza entzuten dugunean, askotan mito, estereotipo edo ideia murriztatzailez beteta dagoela ikusten dugu. Gehienetan, ailegatzen zaigun mezua genitalekin edo gorputzarekin egiten diren ekintzetara murrizten da eta horrek sexualitatearen ikuspegi oso murriztua ematen digu bai guri baita gure seme-alabeei ere.

Bizitza oso bat izateko sexualitatean etengabeko heziketa izatea ezinbestekoa da. Heziketak geure buruekiko, besteekiko eta munduarekiko harreman hobeagoak izatea ahalbidetzen du, aniztasuna denon ezaugarria bezala ulertuz eta hortaz, indarkeria prebenituz, errespetua, komunikazioa eta adostasunaren inguruan landuz.

Sexu heziketan genero perspektiba eta aniztasun funtzionalaren perspektiba txertatzen dut eduki eta esku-hartzeetan.

Helburuak

-Norbera ezagutu, onartu eta era positiboan adierazi, gure berezitasunekin, bizitza osoan zehar gurekiko, besteekiko eta munduarekiko pertsona bakarrak eta errepikaezinak garela ulertuz. Sexualitatea eta aniztasuna balore positibo moduan aldarrikatu, euren bizipenetara helduz.

-Identitatea zer den ulertu: zerk egiten gaitu neska edo mutil?

-Aniztasunaren  inguruan  hausnartu:  genitalak, hilekoa, gorputzak, identitatea, orientazioa, adierazpena...

-Harremanen eskema minimoa landu: Komunikazioa, errespetua eta adostasuna.

-Genero indarkeria eta LGTBIQ+ fobien aurrean erantzukizuna eta barne errebisioak bultzatu, prebentzioan baliabideak eman.

-Komunikabideen bitartez ailegatzen diren mezuen inguruan (gero eta errezago eskuratzen direnak), hausnartu eta kudeatzen ikasi.

-Rol eta estereotipo tradizional eta hegemonikoak kolokan jarri eta hausnarketa sustatu.

-Autoestimua ardatz moduan landu.

Metodologia

Saioak parte-hartzaileak, ludikoak eta dinamikoak izango dira. Bideoak, PowerPointak, jolasak etab. erabiliko dituzte, ikasleak hausnartzera eta haien erantzunak topatzera bultzatuz.

 

Otsailaren 13an ekingo diote, guztira 3 saio izango dituzte eta bukatzeko, formatzailea gurasoekin elkartuko da berriz ere otsailaren 29an.