Herriaren Pilota Elkartearekin elkarlanean bertoko jokalarien bisita izan dugu.

Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako ikasleek Laudioko eta Orozkoko pilotari zein pala jokalariekin solasteko aukera izan dute.
 
Gurekin izan dira Laudio Ikastolako ikasle ohi diren Naroa, Aimar eta Arkaitz, Uxue orozkoarrarekin batera.
 
Naroa Saez eta Uxue Etxebarria eskupilotan hasi eta palara salto egin zuten 10 urte zituztela. Aimar Amondo eta Arkaitz Eskuzak, ordea, 5-6 urterekin Ikastolako Pilota taldean hasi zuten euren ibilbidea.
 
Arkaitz Eskuza Reyes. 2023ko urtarrilaren 6an egin zuen Eibarren profesionaletara salto. Debutatu zuen egun horretan bere txikitako ametsa bete zuen. “Ni zuen adinean -entzuleei begira- hasi nintzen hemen, ikastolako frontoian, eskupilotan. Gerora Aretako frontoira joaten hasi nintzen eta bertan urteak igaro ostean, egun, frontoi handiagoetan entrenatzen dut, gaur, adibidez, Miribillara noa”
 
Naroa Saez Arregi. Gaur egun Orozkoko Olgetan taldean aritzen bada ere, bere bidea Herriaren pilota elkartean hasi zuen. Hasieran pilotan – Arkaitzekin aritutakoa - , gaur egun palan dihardu. ”Emakume gehienok palan jokatzen hasten gara 10 urte inguru ditugunean, eskupilotan aritzeko pilotak lar gogorrak direlako”. Edozein kasutan, bertaratutakoak probatzera animatu ditu.
 
Uxue Etxebarria. Uxuek, Naroaren antzera, palan jokatzen du. Neskak parte hartzera animatu nahi izan dituzte, “zenbat eta gehiago izan, aurrerapausu sendoagoak lortuko ditugu.” Egun pala, pilota ez bezala, ez dago profesionalizatuta. “Baina elkarrekin lortuko dugu gero eta lehiaketa gehiago antolatzea eta emakumeon kirola ikustaraztea”. Palan elitekoekin jolasteaz gain batzutan bikote izan duzuna beste batzutan aurkaria duzu; hauxe bera da Uxue eta Naroaren kasua.
 
Aimar Amondo Gerrikabeitia. Entrenatzailea, epailea eta pilotaria. Pilotaren modalitate ezberdinak frogatzeaz nekatzen ez dela adierazi du; pilotan, trinketean, pala gomaz, pala larruz, bote luzean… “Euskal Selekzioarekin Holandan ere egon izan naiz. Kirol honetan aritzearen saririk ederrenetarikoa bidean egiten diren lagunak dira”.
 
Gonbidatuen ibilbidea ezagutzeaz gain, frontoi motak, pilotariek eskuak babesteko erabiltzen dituztenak, pala jokalariek babesteko erabiltzen dituztenak, zer nolako arropa darabilten eta bestelako bitxikeriak entzuteko aukera izan dugu.
 
Jokalariek bertaratutakoak pilota eta pala frogatzera animatu dituzte, non eta hemen, gure ikastolako frontoian!
 
Datozen asteetan 2023/2024 ikasturterako prestatzen ari garen EKE eskaintza ikusteko aukera izango dugu, adi egon!