Juan Mariren agurrak zirrara berezia eragin zuen Ikastolako jaian
Maiatzaren 28an Ikastolako jaiaren betiko formatoa berreskuratu genuen. Izan ere egun osoko programa jorratu genuen adin guztietarako aisialdi, kirol eta kultur ekintzak uztartuz.
Betiko moduan, jaia Batxilergo etapa amaitu berri duten ikasleei, 2005-2023 promozioari, agurra eskaintzeko baliatu genuen bai eta aldi berean aurten 30 urte betetzen ari diren 1993an jaiotako ikasle ohiei ere omenaldia eskaintzeko.
Zirraraz beteriko agurra
Eguerdi partean Juan Mari Ugalde Etxabe omentzeko ekitaldiak zirrara berezia eragin zuen bertoratutako ikastolakide guztion artean. Bere etxekoak, Matilde, Iratxe, Leire eta gainerakoak Juan Marik landatutako pago azpian elkartu ziren agurra eskaintzeko eta ondoren bere etxeko atariraino lagundu genituen bertan jarritako oroitgarria desestaltzeko.
Jaiaren azken txanpan herri bazkaria, erromeria, diskotxantxa eta just dance saioa izan genituen.