Batxilergoko ikasleek Smara proiektua laguntzeko bideoa sortu dute

 

Laudio Ikastolako batxilergoko 2. mailako ikasle talde batek saharar errefuxiatuen kanpamentuetara bidaiatuko du apirilaren 1etik 9ra.

Bertan, Aaiuneko Bucraa herrian, Smara deitu duten lankidetza programa burutuko dute. Laudio Udala Bucraa herriarekin senidetuta dago eta harreman hori baliatu nahi izan dute bertako errealitatea ezagutzeko eta elkartasun egitasmoa gauzatzeko. 
Bidaia saharar errefuxiatuen kanpamentuetako egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera emateaz gain,  saharar herriarekiko elkartasuna adierazteko eta saharar errefuxiatuekiko sentsibilizazio eta kontzientziazioan sakontzeko baliogarria izango da. Bucraako nagusien eguneko egoitzan lanean arituko dira; ortua eraikiko dute, hormak margotuko dituzte… 

Smara elkartasun proiektu hau ezagutarazteko eta garatu ahal izateko,  azaroan Smara eguna antolatu zuten eta Ikastolan zein Laudion eta eskualdean dirua lortzeko jarduera ezberdinak antolatu dituzte: kamisetak eta poltsak salgai dituzte eta bigarren eskuko arropa ere han eta hemen saltzen ibili dira. Orain euren egitasmoa lau haizetara zabaldu eta finantziatzeko bideo bat sortu dute. Proiektua diruz laguntzeko aukera luzatzen dute berton ES4530350045250451190567 kontura transferentzia helaraziz edo 688 754 535 telefonora Bizuma bidaliz.

Gure ekarpena eta babesa beharrezkoak dituzte, saharar herriak ere behar gaitu. Aldez aurretik, laguntza ematen ari diren guztiak eskertu nahi dituzte.