12.742 Km baietz! erronka luzatu du Laudio Ikastolak
Laudio Ikastolak 2021ean ospatutako Araba Eukarazekin batera Laudio eta Aiaraldeko euskaltzaleei luzatutako 10.000 Km baietz! erronka berriro gauzatzeko ekimena abiatu du, oraingoan, lurraren diametroa osatzeko apustuarekin “12.742 Km baietz! Mundua gurutzatu euskararen alde” lemapean.
Hitzordua martxoaren 26an, igandea, goizeko 9etatik arratsaldeko 7rak bitartean gauzatuko dute Laudioko Zumalakarregi etorbidearen mutur batetik bestera atonduko den kilometro bateko ibilbidean.
Euskararen aldeko ekimen ludikoa izango da, eta horretarako euskara, kultura, kirola, aisialdia eta gainerako gizarte eragileen parte hartzea sustatuko dute, euskararen alde 12.742 kilometro osatzeko erronkan parte hartzeko gonbidapena luzatuz. Beraien ordezkaritza txiki bat batu dute Ikastolan egindako aurkezpen ekitaldian. AEK, Arloteak, Itxarkundia, Laudio Atletismo taldea, Arte On eskolania eta Galtzagorriko ordezkariek bat egin zuten Ikastolako trikitilari, panderojole, zirko ikastun eta familiekin aurkezpen hitzorduan.
Lehen erronka pandemiak erabat baldintzatuta ospatu behar izan zuten eta sekulako lorpena bilakatu zen orduko egoeran apustua aurrera ateratzea. Oraingoan orduko konpromisoa berretsi eta Laudioko kale nagusia berriro euskararen ardatz bihurtuta, oinez, korrika, patinetan, bizikletan edo nahi bezala 12.742 aldiz, lurraren diametro osatu bitartean, zeharkatzeko erronka luzatu dute.