Bere 50. urteurreneko liburu eta dokumentalaren aurkezpen arrakastatsua burutu du Laudio Ikastolak
2021/22 ikasturtean zehar Laudio Ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko ekimenei amaiera emanez, Laudio Ikastolaren historia biltzen duten liburu eta dokumentala aurkeztu ditugu urtarrilaren 19an Laudioko Kultura Etxean burututako ekitaldian.
Ainhoa Uriarte Bilbaok, ikasleohia eta gurasoa, aurkeztu zuen ekitaldia. Berton Jon Bengoetxea Martinezek, ikastolako zuzendaria, 50. urteurreneko balantzea eta aurrera begirakoak laburbildu zituen eta segidan, Txabi Alvarado Bañaresek, ikasleohia, proiektuaren ardatz nagusien garapenari buruzko hizketaldia eskaini zuen.
Izan ere milaka pertsona aritu dira 50 urtetan zehar Laudio Ikastolaren komunitatean, ikasle, guraso, langile zein laguntzaileak, eta proiektua beraien testigantzatan oinarritu dute kolektibo horiek guztietatik 30 bat pertsonako taldea osatuz.
Liburuan jasotako testigantza horien laburpena eskaintzen du estreinatutako dokumentalak libururako bildutako argazkiekin lagunduta.
Proiektuaren dokumentaziorako argazki bildumak osatzeko talde bat aritu da eta Jon Muñoz Parrazar ikasleohi eta langilea arduratu da Ikastolaren hastapenetako dokumentazioa aztertzen.
Ekitaldian proiektua babestu duten Arabako Foru Aldundiko eta Laudio Udaleko ordezkarian bertoratu ziren, besteak beste Lexuri Ugarte Aretxaga eta Ander Añibarro Maestre ikasleohiak eta Aitor Burgoa Martinez guraso ohia. Ikastolen Elkartearen izenean berriz, Koldo Tellitu Mejia hurbildu zen Laudio Ikastolako kominitatearen ospakizuna partekatzera.
Behin aurkezpen publikoa eginda, dokumentala ikusgai egongo da aurki internet bidez. Horrez gain, liburua salgai dago dagoeneko Ikastolako idazkaritzan, Laudioko Zuhaitza eta Arin liburudendatan eta Eroskin. Ekoizpen osoa euskaraz gauzatu da eta laster barru testuaren gaztelaniako itzulpena eskainiko da 50 urte hauetan Ikastolara hurbildu baina euskara bereganatu ez duten guraso ohiei begira batez ere.