DBH2ko ikasleek Joseba Sarrionaindiarekin solasaldia antolatu dute
Joseba Sarrionaindiaren “Munduari bira eman zion ontzia” ipuin ilustratutik abiatuta, DBH2ko ikasleek “Buruari buelta eman zion gaztea” diziplinarteko proiektua garatu dute konpetentzia soziolinguistokoari lotutako Euskara, Gaztelania, Ingelesa eta Gizarte arloetan.
Ekimenaren azken txanpan Joseba Sarrionaindia bera hurbildu da Ikastolara bere ipuinaren inguruko hausnarketa partekatzera eta ikasleek landutakoa beraien ahotik ezagutzera.
Sarrionaidiaren kontaketa baliatuta, gazteek hainbat lan dinamika garatu dituzte berton azaldutako kontakizun eta hausnarketatan sakonduz: Historia eta istorioen arteko desberdintasunaz ohartzea, Historia emakumeen begiradatik aztertzeko ariketa egitea edo zurrumurruek egungo gizartean eragin ditzaketen ondorio eta arriskuak identifikatzea, besteak beste.
Izan ere, jakintza arlo ezberdinetan oinarritutako ariketen bidez, ipuinaren pasarte ezberdinek emakumeek historian izandako paperaz, XVI. mendean Magallanesek eta Elkanok munduari emandako lehen biraren inguruko gertaerez eta euskal gizarte, marinel eta ontzigintzaz edo norberaren jatorri eta arbasoez eta etorkizunean izango dugun pertenentzia sentimenduaz hausnartzeko aukera ere ahalbidetu dute.
Proiektuari amaiera emateko egindako lanen erakustaldia prestatu dute eta, esan bezala, Joseba Sarrionaindia hurbildu da bertora. Ekitaldia musika eta kantuz atondu dute idazlearekin hizketaldian murgildu aurretik. Esperientzia aparta bilakatu da irakasle zein ikasleentzat eta biziki eskertu dizkiote Sarriri eta Pamiela argitaletxeari eskainitako momentu eder horiek.