LH6ko ikasle hirukote bat Basque Culinary Centerreko sukaldaritza lehiaketako finalean
Lehen Hezkuntzako 6. mailako bi ikasle hirukote Basque Culinary Center eta Ausolan Fundazioak antolatzen duten Sukaldean Sortzaile lehiaketan parte hartzen ari dira eta taldeetako bat finalista azaldu da.
Hortaz, Telmo, Ibai eta Jonek “Bakailaoa ajo arriero erara amamaren moduan” errezeta prestatuko dute abenduaren 16an Donostian burutuko den amaierako saioan. 12-14 urte bitarteko neska-mutilen kategorian lehiatu dira eta Araba lurraldea ordezkatuko dute finalean.
Irabaziz gero, beraien gela osoarekin batera Basque Culinary Center-en sukaldaritza tailer batean parte hartzeko aukera izango dute.
Sukaldean Sortzaile lehiaketaren 4. edizioa da aurtengoa. Bere xedea familia esparruan bizimodu osasungarri batentzako hezkuntza sustatzea da eta horretarako, gastronomiak kulturan duen garrantziatik abiatuta, gazteei sukaldaritan aritzeko erronka luzatzen die. Partaideek euren aiton-amonen betiko plateretan oinarritutako errezeta osasungarriak aurkezten dituzte lehiaketara beraien erara moldatuta.
Hemen dituzue lehiaketara aurkeztutako talde bien errezetak, Telmo, Ibai eta Jonen Bakailaoa eta Suhar, Oihane eta Ayalak prestatutako eguzkilore gozoa.
On egin eta zorte on!