DBH1eko ikasleek arropa eta jostailu bilketa antolatu dute
DBH1eko ikasleek laudioar behardunentzako arropa eta jostailu bilketa antolatu dute.
Ekimena aurrera ateratzeko, familiek parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dute ikasleek eta antolatu dituzten arropa eta jostailu bilketara animatu nahi dituzte.
Bilketa egiteko egun eta gune desberdinak egongo dira:
Laudio Ikastolako sarreran, ikastolako ordutegi barruan
Laudioko ostegunetako Azoka guneetan (Herriko plazan eta Aldai plazan) 10:00etatik 12:00etara azaroak 17 eta 24an
PROIEKTU KOMUNITARIOA
DBH1eko ikasleak Proiektu Komunitarioa izeneko arlo berri bat lantzen hasi dira aurtengo ikasturtean.
Arloaren helburua oinarrizko gaitasunak garatzea da, hau da, gizartean eraginkortasunez mugitzeko trebetasunak lortzea. Ikasleek, ikaskuntzak eta zerbitzuak bateratzen dituen ondo egituratutako proiektu bakar batean zuzenki parte-hartuz, ikasi egiten dute eta, aldi berean, inguruneko benetako premietan lan egiteko aukera izan dezakete, inguratzen dituen gizartea ezagutzeko eta hobetzeko asmoz.
Negua hurbiltzen ari da eta tenperaturak jeitsiz doaz. Gaur egun gizartean gertatzen ari diren gatazka eta gora-beheren ondorioz elektrizitatearen eta gasaren kostuaren igoerak inguruko familia askotan eragin zuzena izango duelakoan ikasleek neguko arropak izan dezakeen garrantzia nabarmendu zuten proiektuaren hasierako fasean. Honetaz gain, neguarekin batera badatoz gabonak eta ikasleek familia hauengana Olentzerori heltzen lagundu nahi diote.
Guzti hau honela izanik, gure ikasleek ebaluaketa honetan aukeratutako zerbitzua, laudioar behardunentzako arropa eta jostailu bilketa gauzatzea izango da eta horretarako, Laudioko udalarekin eta Batekin erakundearekin (Arabako partaidetza soziala eta boluntarioentzako agentzia) lankidetzan arituko dira herriaren benetako premiak identifikatzeko eta egin beharreko urratsak argi aurreikusteko.