Esmara, Sahararekin elkartasun proiektua sortu dute Batxilergoko ikasleek

Laudio Ikastolako Batxilergoko ikasle talde bat Esmara kooperazio proiektua aurrera eramaten ari da. Ikasle taldea saharar errefuxiatuen kanpamenduetara, Esmara izeneko wilayara (probintziara), joango da, elkarlana, elkarbizitza, bizikidetza eta kultura trukaketa burutzera. Helburu nagusiena, bertako eskola birmoldatzean, kulturak elkartrukatzean eta bertako familiak laguntzean datza, eta proiektua aurrera ateratzeko ekintza ezberdinak antolatzen ari dira. 

Alde batetik, ekainaren 10 eta 11n ospatuko den Laudio Ikastolako 50. urteurrenean beraiek diseinatutako elkartasun kamiseta eta poltsak salgai egongo dira.  Larunbatean ere Laudioko hainbat komertziok eskainitako produktuak zozkatuko dira, eta rifan parte-hartzeko boletoak bertan erosteko aukera egongo da. Ikasle guztiek bihotzez eskertzen dituzte Laudioko  denda guztiek egindako ekarpenak.

Instagram bidez ere, @roadtoesmara kontuan, ikasle-taldearekin edonor kontaktuan jar daiteke, poltsak, kamisetak zein boletoak ere erosteko. Bertan, aparteko informazioa ere partekatzen da proiektuari buruz.

Abiatu  berri duten elkartasun-proiektua Ikastolako familia, langile eta ikaskideekin partekatzea izan da beraien lehen erronka eta biziki eskertuko dituzte ikastolakideok proiektuak aurrera egin dezan luzatuko ekarpen guztiak.