Proiektu berriak garatzeko ekimena burutu dute Lehen Hezkuntzan
Lehen Hezkuntzan, hiru astez, ikasleak proiektu ezberdinetan buru belarri murgilduta egon dira. Ohiko liburuak eta proiektuak albo batera utzi eta proiektu berriei ateak ireki dizkiete.
o LH1.mailakoek “Kobazuloko altxorra” proiektuari ekin diote. Lehenengo egunean, haginlariz mozorrotu eta “Perez Sagutxoaren” abestiarekin batera, ikasleak gelan itxaron genituen, aho erraldoi bati hortzak garbitzen genizkion bitartean. A zer sustoa eraman zuten gu horrela ikusirik! Ikasleek ederto pasatu dute eta asko ikasi ere bai: haginlari bat etorri zaigu bisitan, “Perez Sagutxoari” etxean jartzeko ate bat sortu egin diogu... Bukaeran, “Lehiaketa bat” sortu izan dugu. A zer ondo pasatu dugun
o LH2.mailakoek “Kilikiliari klik” proiektuari ekin diote. Lehenengo egunean, txahal baten garun bat, bitxia balitz bezala, gelaren erdian jarri genuen eta sei emozioen irudiak, gelako hormetan pegaturik, museoetako koadroak balira bezala, ikasleek bertan aurkitu zituzten. A zer sorpresa, a zer nazka, a zer harridura sentitu zuten! Hiru aste hauetan garuna eta emozioen arteko loturak biziki landu ditugu. Liburu asko irakurri eta ilustrazioak behatu ditugu: “Emoziotegia”, “Haserrearen diamantea” eta “Nolakoa da zure garuna?” Bukaeran, gure proiektuari urrezko amaiera emateko, “Emozioak eszenara” antzezpena izan dugu. Aukera bikaina izan da gure emozioak ezagutzeko eta zelan egokitu ikasi ahal izateko.
o LH3.mailakoek “Zientzialariak gara” proiektuari ekin diote. Lehenengo egunean, ikasleek sorpresa galanta hartu zuten irakasleak zientzialariz mozorrotuta ikustean eta pasabideak modu berezi baten atonduta zeudela ikusi zutenean. Ene, laborategi bat eta guzti! Hiru aste hauetan zentzumenak eta airea landu izan ditugu. Gure laborategi honetan, esperimentu eta tailer mordo egin izan ditugu, zuzenean hobeto ikasi eta ulertzeko. Bukaeran, gure proiektuari urrezko amaiera emateko, “Blog”-a” sortu dugu. Aukera bikaina izan da bizi izandako guztia partekatzeko eta erakusteko. Zeinen ondo ibili garen!
o LH4.mailako ikasleek aurrera eramandako proiektuaren izenburua, “Lehen hala, orain hola, gero ez jakin nola!” izan da. Proiektu ikaragarri eta hunkigarri honekin asko ikasi izan dugu, hala nola, familia mota ezberdinak, ugalketa, haurdunaldia… Guzti honen inguruan, asko hitz egin, lanketa handia egin eta denok ikasketa on bat jaso dugu. Lehenengo eguna zoragarria izan zen. Gelara sartzerakoan, gure gela, pertsona ezberdinen argazkiz beteta zegoela ohartu ziren… ene! Ez zuten espero. Batzuk esaten zuten: “Baina zer da hau?”, “Nortzuk dira ba pertsonaia hauek?”, “Eta zergatik daude gure gelako leiho eta hormetan?” Proiektu osoan zehar egindako lanak, “Gogoeta karpeta” baten dotore-dotore jarri izan dituzte eta bideoak sortzeko “Canva” programa erabiltzen ikasi izan dute ere bai. Bertan argazkiak txertatu egin izan dituzte, “Nire bizitza” izeneko bideo laburtxo bat sortuz. Bideo honetan, beraien bizitzako une interesgarri eta garrantzitsuenak jarri izan dituzte. Bukaeran, azken egunean, “zinemaldi” antzeko bat , photocall-a eta guzti, txanpaina kopa eleganteekin topa eginez, guztion bideoak ikusteko aukera izan genuen.
o LH5.mailakoek “Ager ala desager, gu gabiz oker!” proiektuari ekin diote. Lehen egunean, esploratzaile mozorrotu eta “Felix Rodriguez de la Fuente” abestiarekin batera, sorpresa galanta hartu zuten ikasleek esploratzaile zoro pare bat, gu geu irakasleak, atetik sartu zirenean. Aste bereziak izan dira eta mimo handiz landu izan ditugu gure Euskal Herriko Ekosistemak. Bukaeran, “Puzzlearen jolasa” sortu eta proiektuari merezitako agurra eman diogu. Zein ondo pasa dugun!
o LH6 maila giza gorputzaren inguruko proiektu batean murgildu da. Gure proiektuari “Txosten irekia” deitu diogu. Lehenengo egunean hildako baten silueta agertu zen gelako lurrean margotuta eta hipotesiak gora eta behera ibili izan ginen hildakoari zer gertatu ote zitzaion asmatu nahian. Ikasleek intriga honetatik abiatuta, gorputzaren atal, aparatu, organo eta sistema desberdinak ikasteko aukera izan dute. Honetaz gain, ikasitakoa azalarazteko, gorputzaren inguruko maketa ezberdinak egin izan ditugu eta lan guzti honi amaiera emateko, aurkezpen eta azalpenak prestatu dituzte beste mailetako ikasleei erakusteko. Ikasleek primerako lanak egin izan dituzte eta primeran pasatu dute.
Gure proiektuetan ikasleak protagonistak izan dira. Konpetentziak, motibazioa, gizartearen errealitatea, lankidetza, parte hartze aktiboa eta pentsamendu kritikoa garatu egin dituzte. Hau da, ikas metodologia honetan, oinarrizko ezagutzak, gaitasunak, edukiak eta jarrerak landu ditugu, betiko lez, baina ohiko modutik haratago.
Proiektu hauen hausnarketa egin eta gero, etapako helburua, aurrerantzean, gure metodologian bertan, hainbat dinamika, estrategia eta ebaluazio teknikak integratzea izango da.