Jantoki zerbitzuko laguntzaile txandak antolatzeko araudia berritu da

Jantokia darabilten 4 urtetik aurrerako ikasleen familia guztiek jantokian laguntzeko 16 eguneko txanda burutu beharra dute edo bestela dagokion kuota ordaindu, 166,78€.

Zerbitzua 3 egunez darabilten DBHko ikasleei txanda egunak eta kuota, 100,10€, proportzioan egokitzen zaizkie.

Ikastolako Juntak txanda sistemaren funtzionamendua antolatzen duen arautegia eguneratu du guztion artean ikasleek jasotzen duten zerbitzua hobetu dezagun:

1. XEDEA. Txandaren xedea jantokiko garbiketa lanetan laguntzea da.

2. EUSKARA. Jantoki zerbitzuaren euskara hutsezko funtzionamendua berma dezagun,  txandan parte hartuko duen pertsonak euskarazko ahozko komunikazioa bermatzeko behar adina konpromisoa erakutsi beharko du.

3. EGUTEGIA. Txandarako ezarritako egun guztiak bete beharko dira, beti ere txanda egutegian ezarritako datatan.  Txanda egunik bete gabe utziz gero, kuotaren zati proportzionala ordaindu beharko da. Txandaren egun kopurua urteroko plangintza antolatzean zehaztuko da; printzipioz 16 egun dira.

4. ORDUTEGIA. Txandaren ordutegia osorik bete beharko da egunero: 12:15etik 14:30era.

5. BAZKARIA. Txandako partaideek ez dute jantokian bazkalduko.

6. AHAIDETASUNA. Txandako partaideak txanda  betebeharra eragin duen ikaslearen senitartekoa behar du izan.

7. IZEN EMATEA. Ikasturte hasieran egindako aukeraketa ezin izango da aldatu. Plangintzak ahalbidetuz gero, ikasturtean zehar sortutako alta berriei txanda sisteman parte hartzeko aukera eskainiko zaie.

2013/2014 ikasturterako txanda sistema behar bezala antola dezagun, izena emateko epea irailaren 13a bitartean izango dugu zabalik. Ez da epez kanpoko altarik onartuko.

Familia bakoitzeko inprimaki bakarra bete eta jantokian entregatu edo jantokia@laudioikastola.net posta elektonikora bidali erantzuna irailaren 13a baino lehenago.
Haur Hezkuntzako 4 urtetik DBHko 4. maila bitarteko  ikasleak soilik kontutan izan