KiVa eguna ospatu dugu Lehen Hezkuntzan

Beste urteetan bezala, KiVa Ikastola garela gogoratzeko helburuarekin KiVa eguna ospatu dugu.

Ikasleek KiVa abestia abestu eta gero arauak landu zituzten hauek betetzeko konpromisoa hartuz. LH1, 2 eta 3k horma-irudi ederrak egin zituzten gure Ikastola apaintzeko asmoz eta LH4, 5 eta 6k antzerkiak asmatu eta antzeztu zituzten.

Oso ondo pasatu genuen, eta aldi berean, KiVak eskatzen duen konpromisoa guztion artean betetzeko gogoa adierazi genuen.

Zer da KiVa?

KiVa eskola jazarpenaren prebentzio, esku-hartze eta jarraipenerako Finlandian sortutako programa da. Laudio Ikastolak 2016/17 ikasturtean abiatu zuen, Euskal Herriko beste hainbat ikastolarekin batera, Ikastolen Elkarteak koordinatutako ekimenaren bidez.

Jazarpena taldeko fenomenoa da. Beraz, programaren helburu nagusia da jazarpena prebenitzea hura gertatu aurretik. Horretarako taldeko arauetan eragiten du eta ikaskide guztiengan era konstruktiboan jokatzeko, jazarpena ez bultzatzeaz arduratzeko eta ikaskide kalteberak babesteko gaitasuna sustatzen du.