50. urteurrena lantzeko topaketa

Laudio Ikastolak bere 50. urteurrena ospatuko du 2021/22 ikasturtean. Hortaz, jomuga berria du Ikastolak pandemiak erabat baldintzatu zuen Araba Euskaraz jaia ospatu ondoren.

Ikastolak ikasturtean zehar garatuko den ekintza programa  osatu nahi du. Horretarako, programa beraren prestakuntza ospakizunen lehen hitzordua bihurtu du, eta helburu horrekin 50. urteurrena lantzeko topaketa antolatu du urriaren 23rako 10:00etatik 13:00etara.

Bertora deituko ditu ekimenaren antolaketan inplikatu nahi duten ikasle, ikasle ohi, guraso eta langileak. Hartara deialdi irekia izango da, hau da, nahi duen orok aukera izango du  ikasturtean zehar izango diren omenaldi, ikuskizun, oroigarri eta abarren  prestakuntza-topaketan era aktiboan parte hartzeko.

IZEN EMATEA

Esan bezala, topaketarako parte-hartzea irekia da, hala ere, eta topaketa behar bezala antolatu ahal izateko, parte hartzeko asmoa dutenei aurretik izena ematea eskatuko zaie. Horretarako ondorengo formularioa erabili beharko dute.

LEHEN ERRONKA, KOMUNITATEA SARETZEA

50 urte hauetan Ikastolako hezkuntza komunitateko partaide izan diren familia, ikasle eta langileei ospakizunean parte hartzeko gonbidapena zabaltzea izango da aktibatuko den lehen erronka. Izan ere Laudio eta inguruko herrietako 2.000 familiatik gora inplikatu da Ikastolaren proiektua sustatzen 1971-2021 tartean, eta ibilbide horretan Hezkuntzako ehunka profesionalen lanak 2.500 ikasle ohi inguruko taldea hornitu du, aurten Derrigorrezko Hezkuntza amaituko duen 40. promozioarekin eta Batxilergoko 29.arekin osatuko dena.