“Haurrak janariarekin eraikitzen duen harremana poztasun momentu osasuntsua izan behar da”

Familiak gure espazioa ikustera etortzen direnean sarritan   edoskitzearen  inguruko zalantza handiak izaten dituzte: Haurra Ikastolan hastean edoskitzearekin jarraitzeko aukera izango dut?

Laudio Txikin, nola ez, erraztu egingo dugu ama edoskitzearekin jarraitzea, berak horrela jarraitu nahi duenera arte. Horretarako lehenik eta behin amarekin elkarrizketa izango dugu eta berarentzat erosoen dena jarriko dugu martxan.

Ama batzuk nahiago dute egunero esnea atera eta Ikastolara ekarri. Bertan hozkailuan gorde eta haurra gose denean Maria bainuan berotu eta biberoia emango zaio.

Beste batzuei aldiz, egunero momentu ezberdinetan esnea atera eta izoztea errazago egiten zaie. Ondoren izozte datarekin Laudio Txikira ekarriko dute, izozkailuan gorde eta hortik behar beste hartzen joango gara.

Beste hainbatetan bezala, bidelagun izaten saiatzen gara familiak ahalik eta erosoen sentitu daitezen. Haurrak urtebete izan arte, edota elikagai guztiak sartuta izan arte, elikadura familiaren esku dago. Egunero gosari, bazkari eta askaria, haurrak Ikastolan ematen duen denboraren arabera, etxetik ekarri beharko dute.

Bertan berotu eta, behar denean, prestatuko dugu. Askarirako fruta, adibidez, familiek osorik dakarte eta guk haurrarentzat prestatzen dugu.  Bitarte honetan haurra egonkor jesarrita, eta aulkian bere kasa jesartzeko gai izan arte besoetan hartuta, gure belaunen gainean elikatuko da.

Apurka-apurka haurra elikagai batzuk osorik jaten hasiko da eta Ikastolako jantokian gure sukaldariek prestatzen duten janaria jaten hasiko da. Kasu batzuetan purea izango da eta beste batzuetan, familiak horrela erabaki duelako, elikagaiak osorik jaten hasiko da, haur bakoitzak etxetik dakarren pauta jarraituko dugu.

Prozesu honetan guztian baina Laudio Txikiko hezitzaileok otorduak helduaren eta haurraren arteko harremanean une sentibera, atsegina izan behar duela argi dugu. Haur bakoitzak bere erritmoa du. Hainbatek maite dute mantso jatea, estutasunik gabe; beste batzuk berriz, urduritu egiten dira ez bazaie koilarakada bata bestearen atzetik azkar ematen. Garrantzitsua izango da une atsegina bihurtzea eta haurrari poztasuna ematea otorduetan.

Otorduak poztasun iturria izan behar du haurrarentzat

Sarritan familiak harritu egiten dira kristalezko ontziak, edalontzi eta  platerak, edo metalezko mahai-tresnak  erabiltzen ditugula ikustean.

Ohikoa da haurrarentzako plastikozko edalontzi, plater eta tresneria gure etxeetan ikustea, helduok erabiltzen ditugunekin zerikusirik ez dutenak. Ematen du kolorez betetako tresneria hau erabilita umeek hobeto jango dutela. Baina adituek esaten duten bezala, “benetako mahai-tresnekin jaten duten haurren baitan helduek bezala jateko gogoa, nahia eta irrika dago txertatuta. 

Umeak haiek zaintzen dituzten helduekin identifikatzen baitira uneoro eta haurren garapen prozesurako hori oso inportantea da”. Beraz, nahikoa litzateke haurraren eskuen tamainarako egokiak diren koilaratxoa, postrekoa adibidez, eta kristalezko edalontzia aukeratzea. Izan ere kristalezko edalontzia erabiltzean haurrak ikusi ahal du barruan zer dagoen eta zein kopurutan.

Koilaraz jaten dutenean ere kristalezko katiluak erabiltzen ditugu, ez oso handiak baina sakonerarekin, janaria koilaraz har dezatela errazteko, zailagoa egiten zaie eta ohiko plateretatik janaria hartzea.

Egia da kristalezkoa dela eta apurtu daitekeela. Baina helduoi ere edalontzi edo platerak apurtzen zaizkigu eta horregatik dakigu kristala kontu handiarekin erabili behar dela.Aipatu beharra dago, Ikastola kokatuta dagoen inguruak plan hau aurrera eramatea ahalbidetzen digula. Zentzu horretan, pribilegiatu batzuk gara!