0-6 urte

HAUR HEZKUNTZA HAURRAREN LEHEN URTEAK, HILABETEAK DITUENETIK 6 URTE BITARTEAN, BILTZEN DITUEN ESKOLA ETAPA DA.

2 ziklotan banatzen da, 0 eta 2 urte bitarteko haurrak biltzen dira lehenengoan eta 3 urtetik 6 bitartekoak bigarrenean.

HAUR HEZKUNTZAK BEREBIZIKO GARRANTZIA DU HAURRAREN GARAPEN OSOAN. ETAPA HONETAN GARATZEN HASTEN DIRA ADIMENAREN GAITASUNAK, NORTASUNAREN EZAUGARRIAK, GORPUTZAREN AHALMENAK, ETA GIZARTERATZEKO ETA HARREMANETARAKO HASTAPENAK.

Lehen urte hauetan familiak zeregin handia du, ikastolarekin batera, haurraren hezkuntzan. Hortaz, Laudio ikastolako proiektuan zehatz adierazten dira gurasoekiko harremana, elkarlana eta interbentzioaren nondik norakoak.

Bidelagun garen praktika pedagogikoaren oinarriak dira, besteak beste, jarduera-ekintza, jolasa, behaketa eta esperimentazioa. Eta horiek guztiak ikastolan bakarka zein taldeka egitekoak dira.

KONFIANTZAREN PEDAGOGIA DA GURE JARDUN PEDAGOGIKOAREN ARDATZA.

Haurrak zailtasunak kudeatu eta bere gaitasun guztiak garatu ahal izateko, konfiantza izan behar du bere buruarengan, besteengan eta inguratzen duen espazioarengan. Beraz, konfiantza hori eraikitzen laguntzeko baldintza egokiak sortzea da ikastolako hezitzaileen egiteko nagusiena. Premisa hori du oinarrian Haur Hezkuntzak eta horretarako, haurren zaintza eta behaketa gakoak izango dira, baita espazioak zein baliabideak ere proiektu pedagogikoaren zerbitzura jartzea.

HAUR HEZKUNTZAN IKASKUNTZA AKTIBOAREN OINARRI NAGUSIA JOLAS AUTONOMOA DA. UMEAK BERE LEHENENGO URTEETAN ESPLORATZAILEA IZANIK, JOLASAREN BITARTEZ UKITZEN ETA IKERTZEN DU. HORREZ GAIN, GORPUTZ OSOA ERABILIZ, BIZI, SENTITU, IKASI ETA ADIERAZTEN DA.

Egitasmo honen ondorioz Ikastolaren eremu fisikoa gainditu eta irteera eta barnetegien bidez (5 urtetan) gure inguru natural eta urbanoan murgiltzen gara gelan landutako edukiak lantzera.

Izan ere, umearen hurrengo urteetan, bere hezkuntza ibilbidean, bere buruarengan, besteengan eta inguruarengan konfiantza izaten lagunduko dugu. Horrela bere gaitasunak ahalik eta ondoen garatu ahal izango ditu, hori baita helbururik garrantzitsuena.

Konfiantzaren Pedagogia beste proiektu batzuekin uztartzen dugun oinarri irekia da, esate baterako, psikomotrizitatea, familia esparruan irakurzaletasuna sustatzea helburu duen “Bularretik mintzo” ekimena, ingelesa edo teknologia berriak.

Etengabeko prestakuntzak elikatzen duen irakaskuntza aktiboa garatzen dute Ikastolako hezitzaileek. Gure proiektua berrikuntza korronte pedagogiko eta ideologiko ezberdinei buruzko hausnarketa, ikerketa eta prestakuntzan oinarritutakoa da, besteak beste, Emmy Pikler-ek Lóczy Eskolan edo Loris Malaguzzi-k Reggio Emilia Eskolan abiatutako berrikuntzak.