Sahararaino elkartasun olatua
Laudio Ikastolako batxilergoko 2. mailako 16 ikaslek saharar errefuxiatuen kanpamenduetara bidaiatu zuten apirila hasieran.
Zalantza gabe ikasbidaia ezberdina izan da hau. Ez bakarrik antolaketak suposatu izan dienagatik, bidaiak berak ere egunerokotasunetik aldendu eta bestelakoa den errealitate bat ezagutzeko aukera eman dielako. Eta ez da, ez, edonolako errealitatea! Ia 50 hamarkada euren herritik, euren etxetik kanpo daraman herri oso batena. Basamortuan bizitza berri bat eraiki behar izan duten familiena. Bidegabekeria luze batean murgilduta dagoen kolektibo batena. Behin-behineko egoera bat zena betikotzen ari da.
Zortzi eguneko bidaia izan da. Egunerokotasunarekin apurtzeko eta beste erritmo batera egokitzeko 8 egun. Laudiotik Madrilera trenez, Madril-Tindouf hegazkinez. 24 orduko bidaia izan zen. Neketsua eta luzea, baina bertara heltzeko irrikaz. Norberak bere buruan irudikatutakoari kolorea, izena, usaina… emateko gogoz.
Hango bizimoduak ez du gureak duen erritmoaren antzik, ezta bertako tenperaturak ere. "Hemengo egunerokotasuna nahiko monotonoa da eta etorkizuna latza". Han 180.000 errefuxiatu inguru bizi dira bost wilayatan banatuta; wilaya bakoitzak auzoak edo dairak ditu, eta denek dute lurralde okupatuko herriren baten izena. Laudio Ikastolako ikasleak Aiauneko Bucraan egon dira launaka, familia batekin.
Hausnartzeko eta begirada aldatzeko
Denentzako izan da bertaratu diren lehen aldia, baina seguruena baten bat itzuliko dela! Sekulako esperientzia izan da. “Proiektua hasi genuenean ez genuen ezertarako espero esperientzia hau hain aberasgarria izango zenik. Saharar herriaren errealitatea ikusteak pentsaera guztiz ezberdin bat ekarri digu eta benetan esan dezakegu hau konpromisu baten hasiera baino ez dela”. Gauza sinpleenek ere duten garrantziaz ohartzeko ezinbesteko bizipena izan da.
Elkarlana eta sentsibilizazioa
Heldu eta Bucraako eguneko zentroan jaso zituzten. Bertan herriko alkatearen harrera izan zuten. Eguna bertan igaro ostean, 4ko taldeak egin eta familietara joan ziren. Familiekin egoteko tartea handia izan da, bertako errealitatea bertatik bertara ezagutzeko, oraingoan, gainera, ramadam garaia izan da.
Biharamunean herriko eskola, osasun zentroa, haurreskola, udaletxea… ezagutzeko parada izan zuten eta bide batez, tokian toki, eramandakoa bertan uzteko eta banatzeko baliatu zuten; liburuak, botikak…
Ondorengo egunetan elkartasuna eta ezagutza uztartu zituzten. Udaletxeko hormak margotuz, saharar ikurrina koloreztatuz, Laudio ikastolaren logoa bertan islatuz, udaletxeko espazio ezberdinak hornituz… Lana goizean goiz hasita eguerdira arte luzatzen zuten, basamortuko beroa ekiditeko asmotan. Bazkal ostean edota txango egunetan umeekin jolastu, familiarekin egon eta ekipamendu edo paraje ezberdinak bisitatu zituzten: erresistentziaren museoa, ospitala, merkatua, dunak, etab.
Bidaiaren aurretik ere, egindako lana ez da makala izan. Antolaketa lanak, diru bilketa, finantziaziorako Smara eguna, kamiseta eta poltsa salmenta, bigarren eskuko azokak... Ikastolan ere material, arropa, jostailu eta medikamentu bilketa egin zuten, bertara eramateko.
Hortaz, bidaia ez da bidaia hutsa izan. Ikasbidaia izan da; prestaketa, han bizitakoa eta batez ere, esperientziak sentimendu eta pentsamenduan utzitako aztarnagatik. ”Elkarlan bidaiaz gain, ikaskuntza prozesu ikaragarria izan da. Haien familiakoak bagina bezala jaso gaituzte haien etxeetan, familia berri bat sortuz. Bihotzez eskerrak eman nahi diegu egun hauek ahaztezinak egin dituzten saharar familia eta haur guztiei. Haiek gu askoz gehiago lagundu gaituzte guk haiek baino”. Aztarna horrek etorkizunean eragina izango duen zalantzarik ez dago. Gogorra bezain ederra, ahaztezina izan da. “Bidaia bukatu egin dugu baina guk betirako bihotzean izango dugu aste honetan bizi izandako guztia”.