Haur Hezkuntzan begirada fisiopedriatikoa txertatzeari ekin diogu Laudio Ikastolan
Aiaraldea hemen hamabostekariak argitaratutako hezkuntza gehigarrian Laudio Ikastolako Haur Hezkuntza etapan lantzen ari garen haurren begirada fisiopedrikoaren berri emateko erreportaia txeratu dugu:
Laudio Ikastolako Haur Hezkuntzan urteak daramatzate mugimendu askearen bidea jorratzen. Haurrari garapen motorearen prozesua bere kabuz egiten uztean datza proposamen hori, horretarako azpiegitura eta espazio egokiak atonduta. “Zuk inguru egokia ahalbidetzen badiozu umeari, berak bere kabuz egingo du garapen prozesua”, ziurtatu du Izaskun Burdain irakasleak.
Baina orain “ezagutza maila berri bat” txertatzeari ekin diote 0-3 urteko geletan: “Begirada fisiopediatrikoa”. Formazioa jaso dute horretarako, Urduñako Esti Ginea fisiopediatraren eskutik. Modu horretan, orain arte topatutako hainbat arazo eta oztopori egin ahalko diete aurre. “Ikusten genuen garapen motore horretan ume batzuk zailtasun edo blokeo batzuk zituztela”, azaldu du Burdainek. “Guk denbora ematen genien, pentsatzen denbora kontua zela. Baina, Estirekin hitz eginda, jakin izan dugu topatutako zailtasun askok zerikusi handia dutela haurdunaldian, erditzean edota bizitzaren lehen egunetan gertatutako kontuekin. Izan ere, erditze konplikatu batek kontrakturak sortu ahal ditu umean”.
Zailtasun horiek “ahalik eta lasterren” konpontzea funtsezkoa dela uste dute Haur Hezkuntzako irakasleek, bestela ondorioak izan ditzazketelako hurrengo ikasketa faseetan. “Badirudi katuka egiterakoan zailtasunak edo bi aldeetara buelta ez ematea bezalako arazoak desagertu egiten direla haurra hurrengo fasera igarotzean, baina atentzio gabezia edota hiperaktibitatea bezalako fenomenoak sortu ditzazkete etorkizunean. Gauza txikiak dira, ez dira larriak, baina larriagotu daitezke urteen poderioz. Gero eta beranduago egin, orduan eta zailagoa izango da bideratzea”. Horregatik, fisiopediatren funtzioa goraipatu du Burdainek: “Haurrak fisiopediatretatik igaro beharko lirateke pediatretatik igarotzen diren bezala, jaio eta hurrengo hilabeteetan, dena ondo dagoela detektatzeko”. “Adi egoten gara,eta umea garapen prozesuaren punturen batean trabatzen dela ikusten badugu gurasoekin lantzen dugu gaia”.
Gurasoen iritzia Guraso ugarik egin dute bat Laudio Ikastolak haurrentzat planteatzen duen hezkuntza eredu berritzailearekin. Julen Castillok,adibidez, mugimendu askearen onurak nabarmendu ditu: “Badirudi horri esker umeak ikasi duela egunerokotasunak jartzen dizkion erronkak kudeatzen. Bere garapen prozesuaren protagonista bilakatu da”.
Naiara Pikazak ere lehen unetik izan zuen argi mugimendu askea zela bere alabarentzako nahi zuen hezkuntza mota. "Haurrei espazio egokiak eskainiz gero, beren ingurua esploratzeko aukera ematen zaie, eta dituzten gaitasunak garatzeko".