“Ditugun pribilegioez jabetzeko balioko digu Saharara egingo dugun bidaiak”

Batxilergoko 2. mailako ikasleek sortutako Esmara proiektuko kideak Saharan ditugu dagoeneko. Bertora abiatu aurretik proiektua aurkeztu dute aiaraldea.eus-en argitaratutako elkarrizketa batean:

SAHARAKO ERREFUXIATUEN KANPALEKUETARA BIDAIATUKO DUTE LAUDIO IKASTOLAKO BATXILERGO 2. MAILAKO 16 IKASLEK LARUNBAT HONETAN. ESMARA ELKARTASUN PROIEKTUA GARATUKO DUTE BERTAN. 

Hemendik hiru egun eskasera zoazte Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara. Nola zaudete? 
Urduri. Badakigu inoiz ahaztuko ez dugun esperientzia izango dela. Badakigu gogorra izango dela, baina balioko digu kon¬turatzeko oso ondo bizi garela. Guk marka zehatzetako arropa nahi dugu. Errefuxiatuen kanpalekuetan daudenentzat, aldiz, arropa apur bat izatea jada sekulakoa da. Ditugun pribilegioez jabetzeko balioko digu bidaiak. 

Nola sortu zen proiektua? 
Laudio Ikastolak antzeko proiektu bat garatu zuen 2009- 2010. urteetan, baina gero ez zuen jarraipenik izan. Gu ikas-bidairik gabe geratu ginen, COVID-19aren pandemia zela eta, eta bidaia bat egiteko gogoekin geratu ginen. Iazko apirilean Jon Bengoetxeak (Ikastolako zuzen¬dariak) proposatu zigun proiektu hau berpiztea, eta animatu ginen. 

Nora zoazte zehazki eta zer egingo duzue? 
Saharar errefuxiatuen kanpamentuetara goaz, Argeliara, Marokok okupatutako lurretatik kanpo 47 urte bizitzen dara-maten sahararrengana. Zehazki, Bucraa herrian egongo gara, Aaiunen, Laudio herri horrekin senidetuta dagoelako. 
Bertako familiekin biziko gara, lauzpabost pertsonako taldeetan banatuta. Horrek aukera emango digu bertako errealitatea eta bizimodua lehen eskutik ezagutzeko. 
Goiz eta arratsaldetan, aldiz, proiektua garatzen egongo gara. Ortu bat atonduko dugu eguneko egoitza batean eta azpiegiturak hobetzen lagunduko dugu, paretak margotuz, besteak beste. 
Hori bakarrik ez, Bucraa herriko beste azpiegitura batzuk bisitatzeko aukera ere izango dugu: eskola edota botika, besteak beste. Kanpamenduetako beste azpiegitura batzuk ere bisitatuko ditugu, museoa kasu, bertako errealitatea hobeto ulertu eta ezagutzeko. 

Nolakoa izan da bidaiaren antolaketa? 
Iazko apirilean hasi ginen proiektuarekin. Egin genuen lehen ekitaldi handia Ikastolako jaikoa izan zen. Postu bat jarri genuen kamiseta eta poltsoekin eta saski batzuk zozkatu genituen. 
Udan zehar postuak jarri genituen inguruko herrietako azoketan. Tonbolak ere egin ditugu, eta azaroan Esmara Eguna antolatu genuen Faktorian, kontzertuekin eta DJ emanaldiekin. Bukatzeko, abesti bat eta bideoklipa plazaratu ditugu, proiektua jende gehiagorengana heltzeko eta diru bilketa egiteko. 
Ez da erraza izan, baina sekulako ikaskuntza prozesua izaten ari da. Hasiera batean 2022ko abenduan joatekoak ginen, gero Aste Santura pasatu zuten bidaia eta azken egunetan hainbat gorabehera egon dira. Madrildik joango gara azkenean. 

Produktuen bilketa ere egin duzue. 
Bai, postuak jarri ditugunean neguko bigarren eskuko arropa jaso dugu. Arropa hori saldu egin dugu gero, dirua lortzeko, eta saldu ez dugunetik egoe¬ra onean dauden jantziak hautatu ditugu, bertara eramateko. Horrez gain, botikak eta bertan topatu ezin dituzten beste hainbat produktu ere eramango ditugu. Pisu muga dugu, baina ahalik eta gauza gehien eramaten saiatuko gara. 

Horregatik, ekarpena egiteko deia luzatu nahi diogu saha¬rar herria gure bitartez lagundu nahi duen orori.