Urtebetetzeak ospatzeko eredua eraldatu dute Laudio Txikin

Haurren urtebetzeak ospatzeko modu berezia diseinatu eta gauzatzen ari dira Laudio Txikin, lurrak eguzkiari ematen dizkion bueltak ardatz hartuta. Urte bateko eta bi urteko haurrekin egiten dute dinamika, baina familiek etxean egiteko modukoa ere bada eta edozein adinetarako moldagarria. 

Urtebetetzeak data bereziak dira, urteak betetzen dituenarentzat eta ondoko lagun zein senideentzat ere. Horregatik, ospakizun  horietarako “erritual” moduko proposamena lantzen ari dira Laudio Txikin, bakoitzak bere errealitatera egokitzeko modukoa.

Haur-burbuila bakoitzean “eguzki” bat sortuko dute. “Umeek uneoro ikus dezaketen leku batean jarrita egongo da. Urtebetetze egunean,  goizeko lehen unetik sarreran jarriko dugu umearen argazkiarekin”, azaldu dute bertoko hezitzaileek.

Familia bakoitzari 3 argazki esanguratsu eskatu dizkiete: “Argazki bat jaio berritako eta besteak umearekin batera aukeratutakoak”. Nabarmendu dutenez, garrantzitsua da aukeraketa horri denbora eskaintzea.

Urtebetetze egunean umeak Ikastolara argazki horiek eraman beharko ditu.  “Izan daiteke kutxatxo baten barruan... zerbait berezi eta inportantea bezala”. Argazkiak eguzkiak dituen “pintzetan” jarriko dituzte, eta jarraian ekingo diote errituala ospatzeari.

Ospakizun eredu berria

“Errituala” burutzeko nondik norakoak azaldu dizkiete Laudio Txikiko familiei: “Gustuko dugun leku goxo eta lasai bat topatuko dugu. Bertan, alfonbra baten erdian, sortu dugun Eguzkia jarriko dugu. Eguzkiaren erdigunean kandela (hainbat urte, zenbat kandela) jarri eta piztuko dugu, eguzkiaren berotasuna eta argia  sinbolizatzeko”.

Ospakizuneko lagunak  lurrean eseriko dira borobil bat osatuz. Urteak betetzen dituen haurra ere borobilean eseriko da. Ondoren, honakoa esango dute parte-hartzaile guztien artean: “Lurrak eguzkiari buelta eman dio eta (urteak bete dituenaren izena)-k X urte bete ditu”. Ondoren, eguzkia atzamarrekin inguratuko dute, haurra jaio zen hilabetetik hasita. “Eguzkiari bira bakoitzak urtea irudikatzen du, beraz, eguzkiari birak urteen kopuruaren araberakoak izango dira”.

Ospakizuna amitzeko, guztien artean abesti bat kantatuko dute eta haurrak kandelari putz egingo dio.

Argazki bilduma gelan

Urtebetetze ospakizuna bukatzen denean, eguzkian erabilitako argazkiak koadrorako baliatzen dituzte gela bakoitzean. “Argazki hauek  argazkien koadroan pintzekin eskegita egongo dira umeen altueran. Azpian argazkietarako kutxatxoa eta pintzetakoa egongo da. Umeek edozein momentutan argazkiak eskegitzeko, kentzeko… aukera izango dute”.

Laudio Txikiko hezitzaileek nabarmendu dutenez,  oso erraza da errituala etxean prestatzea: “Kartoizko borobil bat eta pintzak besterik ez dira behar".